Amaia Arregi aldundiko Ekonomia Sustapeneko zuzendari izendatu dute

Julene Frantzesena 2025ko eka. 2a, 12:43

Unai Andueza diputatua eta Amaia Arregi zuzendaria. (Gipuzkoako Foru Aldundia)

Zuzenbidean lizentziatua da azkoitiarra, eta Nazioarteko Abokatutza masterra ere badu. Ibilbide profesionala LKS Next Legalen egin du. Unai Andueza diputatu herrikideak zuzentzen duen saileko zuzendaritza taldera batuko da Arregi.

Gipuzkoako Foru Aldundiak Amaia Arregi azkoitiarra Ekonomia Sustapeneko zuzendari izendatu berri du. Unai Andueza diputatu herrikideak zuzentzen duen saileko zuzendaritza taldera batuko da Arregi, eta talde hori osatuko du Koldo Peciña Proiektu Estrategikoetako zuzendariarekin eta Jon Gurrutxaga Berrikuntzako zuzendariarekin batera.

Arregi Zuzenbidean lizentziatua da, Deustuko Unibertsitatean, eta Nazioarteko Abokatutza masterra egina du, ISDE Law & Business Schoolen. Ibilbide profesionala LKS Next Legalen egin du, eta batez ere zuzenbide sozietarioan, kooperatiboan eta eraberritze, bateratze nahiz eskuratze prozesuetan jardun du.

Arregik azaldu duenez, "ilusioz" hartu du Gipuzkoaren garapen ekonomikoarekin konprometitutako talde bateko kide izatea. "Nire helburua da enpresentzako ingurune egokia sortzen laguntzea, berrikuntza sustatuko duena eta gure lurraldearentzat balio iraunkorra sortuko duten inbertsioak erakarriko dituena". Halaber, ekonomiaren garapena bultzatzeko, enpresei laguntzeko eta inbertsio estrategikoak erakartzeko lan egingo duela esan du. 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide