Unai Andueza izango da aurrerantzean Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapeneko eta Proiektu Estrategikoetako diputatua. Orain arte foru diputatu izan den Ane Insaustiren kargua hartu du azkoitiarrak, baina ez da berria izango sail horietan. Izan ere, 2020-2023 urteen artean Proiektu Estrategikoetako foru zuzendaria izan zen, eta 2023tik oraintsu arte Ekonomia Sustapenerako zuzendaria. Gainera, aurretik enpresa munduan nahiz eskualdeen garapenean aritutakoa da.
Eider Mendoza Gipuzkoako diputatu nagusiak nabarmendu duenez, lurraldeko enpresa sarearekin, garapen agentziekin eta ekonomiaren alorreko eragileekin "elkarlan estuan" jardun du azken urteetan, eta beraz, badu ezagutza. Gainera, haren hitzetan, badaki Gipuzkoako ekonomiak zer-nolako egoera bizi duen egun. Halaber, lurraldeko hainbat proiektu estrategiko gauzatzeko eta indartzeko, Andueza ekonomiaren arloko erakundeekin eta eragileekin lankidetzan "buru-belarri" aritu dela ere esan du. Ingeniaritza industrial ikasketak egina da azkoitiarra, eta MBA masterra ere badu. Gainera, aldundiak adierazi duenez, aditua da enpresen lehiakortasunean eta eskualdeen garapenean.
Mendozaren hitzetan, "profil ezin aproposagoa" du Anduezak, etorkizuneko erronkei elkarlanean ekiten jarratzeko eta Europako industria bidegurutzean dagoen honetan Gipuzkoako enpresen lehiakortasuna eta berrikuntza hauspotzen segitzeko. Hala esan du: "Une erabakiorra bizi dugu, eta aldundiak bere ekarpena egiten jarraituko du ongizatera bideratutako ekonomia garatzen jarraitzeko".
Bihar hartuko du foru diputatu kargua azkoitiarrak, Gipuzkoako foru jauregiko Iargi aretoan, eta datorren asteko Diputatuen Kontseiluan Ekonomia Sustapeneko eta Proiektu Estrategikoetako diputatu gisa parte hartuko du.