Eskuzko Pilota Enpresen Ligak Luziano Juaristi 'Atano X.a' omendu du Pilotarien Izartegiaren aurkezpenean

Ane Olaizola 2025ko mai. 30a, 11:16

Juaristi, atzo, urrezko intsigniarekin. (Baiko)

Buruz Buruko Txapelketako finalaren atarian, txapel hori irabazia duten hainbat pilotari elkartu dira Sondikan, eta Eskuzko Pilota Enpresen Ligak Pilotaren Izartegia aurkeztu du han; azkoitiarrak urrezko intsignia jaso du. Atano bera izango da igandean buruz buruko txapeldunari txapela jarriko diona. 

Buruz Buruko Txapelketako finalaren atarian, Sondikan (Bizkaia) urteroko juntadizoa egin zuten atzo, osteguna, txapel hori irabazi izan duten pilotariek; hamahiru pilotari historiko elkartu ziren bazkaritarako, eta han izan zen, besteak beste, Luziano Juaristi Atano X.a pilotari azkoitiarra. Hain zuzen, Buruz Buruko Txapelketaren finalaren 85. urteurrenean, Eskuzko Pilota Enpresen Ligak Pilotaren Izartegia aurkeztu zuen han, eta azkoitiarra izan zen hango lehen omendua;  urrezko intsignia jaso zuen hark. 

Jokin Altunak eta Iñaki Artolak igandean jokatuko dute Buruz Buruko Txapelketako finala, Bizkaia pilotalekuan. Atano X.a izango da, gainera, aurtengo buruz buruko txapeldunari txapela jarriko diona. 

Pilotaren Izartegia, bestalde, hasiera batean espazio birtual bat izango da, baina etorkizunean kokapen fisiko bat izango duela aurreratu du EPELek, eta haren arabera, pilotan arrastoa utzi duten pilotariek izango dute lekua bertan.

Azkoitiarra bitan izan zen eskuzko pilota txapelduna; hain zuzen ere, 1966an eta 1968an eskuratu zituen txapelak, eta beste hirutan jokatu zuen finala. Dabilen harriari... saioaren elkarrizketatuetako bat izan da berriki hura. 

 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide