Euskaltzaleek bat egingo dute larunbatean Azkoitian, AEK-k prestatu duen Zapatu Laranja egun osoko egitasmoari esker. Euskarak herrian duen garrantzia azpimarratzeko, euskaltzaleak elkartzeko eta horiek elkar ezagutzeko, euskara kalera aterako dute egun horretan, eta jai giroan ospatuko dute herritarrek euskaraz bizi direla eta hala nahi dutela. Finean, "euskararen eta euskaltzaleon eguna" izango da larunbatekoa. Hori guztia, gainera, "festatik eta umoretik" gauzatuko dute, AEK-k azpimarratu duenez. "Euskarak hartu dituen kolpe guztien aurrean, haserre azaltzera ohitu gara azkenaldian, baina oraingoan erakutsi nahi duguna da euskaraz ongi eta gustura bizi garela, eta horrela segituko dugula".
Joan zen urtean modu xumeago batean ospatu zuen Azkoitiko AEK-k kutsu bereko egitasmoa, batez ere euskaltegiko ikasleei zuzendutako festa batekin. Oraingoan, ordea, herritar guztiei zabaldu nahi izan diete ospakizuna, haien asmoa baita, finean, euskarari presentzia ematea. Horretarako, hain zuzen, herriko plazara egingo dute salto larunbatean: "Besteak beste, gure ikasleak euskararen sareko parte sentiarazi nahi ditugu, euskaldunak ezagutu ditzaten eta herriaren babesa senti dezaten", esan dute antolatzaileek.
Egun osoko festa izango da larunbatekoa, eta antolatzaileek azaldu dutenez, adin desberdinetako herritar ororekin pentsatuta prestatu dute egitaraua: 10:00etan, mural handi bat margotuko dute "herriko horma ikusgarri batean", Michele Abrego artistaren laguntzarekin; euskara ikasleen eta herriko artisten arteko elkarlanaren emaitza izango da hori. 12:00etan, pregoia irakurriko dute, eta ondoren, txupinazoa botako dute egunari ofizialki hasiera emateko. 12:30ean, berriz, Asier Kidam magoaren ikuskizuna izango da Kontzejupean, familia giroan gozatzeko.
14:30ean, berriz, bazkaria egingo dute plazan bertan. Bazkarirako txartelak AEKren egoitzan, Lujan saltokian edota Dean tabernan eros daitezke, 5 eurotan. Arratsaldean borobilduko dute eguna, Gotx elektrotxaranga herriko kaleak girotzen arituko baita 18:30etik aurrera.
Zapatu Laranjaren atarian eta girotzen hasteko, gainera, astearte goizean zein arratsaldean serigrafia tailerra egin zuten Matadeixen, udalaren laguntzarekin. Larunbateko ekintzetan parte hartzera, berriz, herritar guztiak animatu ditu AEK-k.
Udalaren babesa
Azkoitiko Udalak, bestalde, 5.000 euroko laguntza eman dio AEKri egitasmo horretarako. "Euskara ez dakitenak edota euskara erabiltzen ausartzen ez direnak euskarara erakartzeko saiakera orok du udalaren babesa, eta Euskara sailetik Zapatu Laranja sustatu nahi izan dugu, euskara ikasleei babesa erakusteko eta euskara ikasi ala ez zalantzan dauden guztiei indarra eman eta animatzeko", esan du Euskara zinegotzi Marijose Arregik.