Azkoitiko AEK-k, udalarekin eta Erniarraitz bertsozale elkartearekin batera, Zapatu Laranja antolatu du datorren larunbaterako, eta gaur, asteartea, serigrafia tailerra egin dute Matadeixen. 25 bat herritar aritu dira zapatuan soinean jantzita eramango dituzten kamisetak serigrafiatzen.
Arratsaldean egingo dute bigarren saioa, 16:00etatik 18:00etara, eta parte hartzaile bakoitzak bere kamiseta eraman beharko du hara. Margotu beharreko nikia zuria edo beltza izatea gomendatu dute antolatzaileek.
Zapatuan egingo dute bat euskaltzaleek Azkoitian, AEK-k prestatu duen Zapatu Laranja egun osoko egitasmoaren bueltan. 10:00etan, plazan, murala margotzeko aukera izango da Michele Abrego artistak lagunduta; 12:00etan, txupinazoa bota eta pregoia irakurriko dituzte, eta ordu erdira, Asier Kidam magoaren ikuskizuna hasiko da.
14:30ean, berriz, euskaltzaleak bazkaltzeko bilduko dira; otordura joateko sarrerak, gainera, salgai daude AEK euskaltegian, Lujan saltokian eta Dean tabernan, bost eurotan. Egitaraua ixteko, 18:30etik aurrera Gotx elektrotxarangak girotuko ditu herriko kaleak.
(Argazkiak: Azkoitiko AEK euskaltegia)