Kromoterapian, laranja koloreak kemena, sormena eta garra iradokitzen ditu; garunaren kitzikapenarekin eta elkarreraginarekin lotzen da; berotasuna, poza, baikortasuna eta konfiantza adierazten ditu; laranja kolorea gaztetasunarekin, bizitasunarekin eta abenturarekin lotzen da. Hori horrela, ez zait kolore hoberik bururatzen euskara margotzeko.
Euskara laranja da. Euskara kemena da. Gure aurrekoen kemenari esker gara oraindik euskaldun; izan zirelako gara. Eta guk sormena eta garra izango ez bagenitu, gure ondorengoak ez leudeke euskaran; euskaldun garelako izango dira.
Euskara laranja da; garuna kitzikatzen du. Hori ondo dakite AEK-ko ikasleek. Euskara elkarreragina da, gure harremanak euskaraz dira, euskaraz bizi gara, eta horrela bizitzen jarraitu nahi dugu.
Euskara laranja da. Euskarak berotasuna ematen digu. Eta euskaraz eta euskararen alde berotzen gara, hitzaren zentzu guztietan; onerako zein txarrerako. Hala ere, euskaraz pozik bizi gara, eta euskarara hurbiltzen direnei ere kutsatzen diegu alaitasun hori.
Euskara laranja da, eta guk ere behar dugu laranja horrekin geure burua margotzea; izan ere, baikortasuna eta konfiantza behar-beharrezkoak ditugu inguruko oldarraldiei eta mehatxuei, harro, aurre egiteko.
Euskara laranja da, hizkuntza zaharra izanagatik ere, bizia delako. Euskara bizia da eta bizirik dago. Euskara gurea da, zaharrena zein gazteena. Euskara zaharra da, baina gaztea ere bada, eta beste hamaika abentura bizitzeko prest dago. Hori bai, abentura horietan guztietan gu behar gaitu; gure sua behar du. Gure surik gabe, laranja ez, beltza izango da.
Zapatu Laranjaren helburuetako bat da Azkoitiko euskalgintza esnaraztea
Garazi Arrulak Korrikako mezuan garbi esan zuen: esna dadila piztia, zeren kea usaindu duelako izanen da, eta guk badakigu sua egiten. Euskara da gure sua, euskara laranja baita. Suak, ordea, lastargi sendoa behar du iraungo badu, eta lastargi hori euskalgintza da. Eta euskalgintza gu gara, guztiok izan behar dugu.
Hori da, hain zuzen ere, Zapatu Laranjaren helburuetako bat: Azkoitiko lastargia osatzea, piztia ez ezik, Azkoitiko euskalgintza ere esnaraztea. Baina ez hori bakarrik, euskara ospatzea ere bai. Euskaraz pozik bizi garela aldarrikatzea. Horretarako, maiatzaren 31rako, egun osoko egitaraua osatzen ari gara.
Beraz, euskaldun eta euskaltzale guztiok, gorde ezazue data. Elkarrekin ospa dezagun euskaraz bizi garela, eta aldarrika dezagun, era berean, halaxe bizitzen jarraitu nahi dugula. Ospa dezagun euskara euskaraz.