Guztiok Mugituz saria jasoko du La Guipuzcoanak, "mugikortasun jasangarriarekin" duen konpromisoagatik

Ane Olaizola 2025ko mai. 26a, 11:12

Dominguez, erdian, La Guipuzcoanako ordezkariekin. (Gipuzkoako Foru Aldundia)

Gipuzkoako Foru Aldundiak Azkoitiko enpresa aitortuko du aurten, "funtsezkoa" izan delako herritarrak Urola Erditik Gipuzkoako beste udalerri batzuetara modu iraunkorrean joan ahal izateko. Ekainaren 6an jasoko dute saria.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Departamentuak Guztiok Mugituz saria emango dio La Guipuzcoana Azkoitiko enpresari, lurraldeko "mugikortasun jasangarriarekin" duen konpromisoagatik. Aldundiaren esanetan, mendeurrena bete berri duten autobus zerbitzua "funtsezkoa" izan da herritarrak Urola Erditik Gipuzkoako beste toki batzuetara, batez ere Donostiara, modu iraunkorrean joan ahal izateko. Ekainaren 6an jasoko du saria, Donostiako Aquariumean egingo den ekitaldian.

"1925ean La Guipuzcoana lanean hasi zenean, familia gutxik zuten ibilgailu pribatua. Hala ere, enpresa horrek ikusi zuen, ikuspegi aitzindari argi batekin, mugikortasunak pertsona guztien eskura egon behar zuela. Eta gaur egun jasangarritzat, irisgarritzat eta solidariotzat jotzen dugun eredu batekin egin zuen: garraio publikoarekin", esan du Azahara Dominguez Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako diputatuak. Ildo horretan, hark azaldu du La Guipuzcoana bidaiariak garraiatzeko enpresa bat baino "askoz gehiago" izan zela: "Lurralde kohesiorako eta gizarte berdintasunerako tresna bat izan zen. Eta horrela jarraitzen du ehun urte geroago". Era berean, La Guipuzcoanak azken ehun urteetan lanpostuak sortu dituelako eta lurraldean aberastasuna sortu duelako ere goraipatu du enpresa. 

Jose Luis Iraeta enpresako administratzaileak, bere aldetik, eskerrak eman dizkio aldundiari: "Sari honek amaiera bikaina ematen die ehun urteko ahaleginari, ekintzailetzari eta gainditze espirituari, herritarrekiko konpromisoari eta Gipuzkoako lurraldearekiko fideltasunari eta apustuari; betiere zailtasun, koiuntura eta interes partikularren gainetik. Eta horrelakorik ez zen posible izango gure aurretik zeudenen ausardiarik gabe eta gure enpresan parte hartu duten pertsona guztien entregarik gabe, belaunaldiz belaunaldi. Baita erakundeen eta entitateen babesa ere, aldundiarena kasu, denboran zehar euren lankidetza eta laguntza eskaini digutelako".

Aldundiak azaldu duenez, La Guipuzcoana enpresak 1925ean ekin zion ibilbideari, Azkotia-Donostia linearekin. 1945ean, Azkoitiko eta Gipuzkoako hiriburuaren artean egunero lau zerbitzu ematen zituen enpresa erosi zuen Jose Manuel Iraeta Azpiazu taxilariak. Orduan, La Guipuzcoanak zerbitzua zabaldu zuen, eta eskualdea Gipuzkoako beste herri batzuekin lotu zuen, hala nola Elgoibarrekin, Zarautzekin eta Tolosarekin.

2007an Lurraldebusen sartu zen, eta 2015ean Urola Erdiaren emakidadunaren ardura hartu zuen. Gaur egun, hogeita hamar autobus inguru ditu —horietatik 22 Lurraldebusekoak— eta 65 langile. Horrez gain, azken urteetan Berdintasun Plana egin dute, eta, horri esker, enpresak Emakunde Lankidetza Erakundearen aitorpena jaso du. Era berean, 2009tik euskara plana indarrean dauka, eta 2013an Euskalitek emandako Bikain ziurtagiria jaso zuen lehen garraio enpresa izan zen.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide