Dominguez diputatuak La Gipuzcoana autobus enpresa bisitatu du haren ehungarren urteurrenean

Andoni Elduaien 2025ko mar. 27a, 15:34

La Gipuzcoanako ordezkariak eta Dominguez, erdian. (Aldundia)

Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako diputatuak Azkoitiko autobus enpresa bisitatu du, hura Gipuzkoako autobusen egoitzetara egiten ari den bisiten barruan. Azkoitira etorri den egunean bertan jakinarazi du La Gipuzcoanak 11 ibilgailu berri izango dituela datozen hilabeteetan.

Azahara Dominguez Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako diputatuak Azkoitiko La Guipuzcoana autobus enpresaren instalazioak bisitatu ditu aste honetan. Joan den neguan hasi zituen diputatuak Gipuzkoako autobus kontzesionarioetara bisitak, eta testuinguru horren barruan egin bisita Azkoitira ere. Jose Luis eta Ane Iraeta kontzesionarioko administratzaileekin eta Adela Arsuaga Berdintasun arduradunarekin batera ezagutu du diputatuak enpresa.

La Gipuzcoanak 100 urte beteko ditu aurten. Egun, 30 autobus inguru ditu La Gipuzcoanak, horietatik 22 Lurraldebusekoak. Dena den, datozen hilabeteetan enpresak autobus berriak izango ditu. Aldundiak jakinarazi duenez, Lurraldebuseko linea ezberdinetan zerbitzua emango duten 11 ibilgailu berri –bederatzi autobus eta bi mikrobus– izango ditu La Gipuzcoanak. Gainera, 2023ko uztailetik hona ere beste bost ibilgailu berri sartu zituzten enpresara. "Ibilgailu berri horiek ekologikoagoak, jasangarriagoak, eraginkorragoak eta ingurumena errespetatzen duten sistemak eta erregaiak dituzte", azaldu du foru diputatuak. 

Jose Luis Iraetak autobus enpresaren ehun urteko historia laburbildu du, eta adierazi La Guipuzcoanaren historia "ahaleginaren, gainditzearen eta ekintzailetzaren historia" dela, baita "Gipuzkoako herritarrekiko konpromisoa" ere. Diputatuak autobus enpresen eguneroko lana zein den entzun du haien ahotik, baita instalazioak eta tresnak nola garatzen dituzten ezagutu ere. Era berean, Lurraldebusek ematen duen zerbitzua hobeagoa izan dadin lankidetza moduak lortzeko asmoez ere hitz egin dute.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide