Plazako erromeriarekin borobildu dute Trikiti Eguna

Andoni Elduaien 2025ko mai. 26a, 07:00

Goizean kalerik kale ibili eta gero, herriko plazan elkartu ziren 150 bat lagun bazkaltzeko. Arratsaldean, berriz, erromeria egin zuten plazako oholtzara txandaka igotako zenbait trikitilarik girotuta.

Zapatuan ospatu zuten Azkoitian laugarrenez Trikiti Eguna. Goizean kalejira jendetsuak eta ugariak egin zituzten herriko kaleetan eta auzoetan barrena, baina festak plaza hartu zuen arratsaldean, han egin baitzituzten eguneko erromeriak.

13:30ean, Julio Urkixo etorbidean elkartu ziren kalejiran ibilitako soinu eta pandero jotzaile denak; izan ere, ordu horretarako zuten jarrita plazaraino egin beharreko kalejirarako hitzordua. Argazki erraldoia atera zuten plazara iritsitakoan, eta segidan, bazkaltzeko elkartu ziren; guztira, 150 lagun inguruk parte hartu zuten bazkari herrikoian.

Bazkalostean, berriz, erromeria egin zuten plazan; 18:00etatik ilundu arte aritu ziren trikitilariak jo eta su. Ohiko moduan, oholtza txiki bat jarri zuten udaletxearen aurrean, eta bertan, mikro ireki bat, nahi zuen orok hara igo eta piezaren bat edo beste jo zezan. Adin desberdinetako trikitilariak elkartu ziren, batzuk, aurpegi ezagunak, eta besteak, ezagun egiteko bidean direnak.

Nolanahi ere, jendetza bildu zen haien doinuak entzuteko; gainera, haiek entzutera plazara urreratu ziren batzuk dantzara ere ausartu ziren. Trikigiro elkarteko antolatzaileak gustura dira eguna nola joan zen eta jendeak zer erantzun eman zuen ikusita. "Eguna ondo joan zen, pentsatuta bezala. Jendea gustura egon zen, giro polita sortu baitzen. Eguraldiak ere lagundu zuen horretan", esan dute.

(Argazkiak: Ibon Errazu)

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide