Trikiti Egunaren laugarren edizioa ari dira ospatzen gaur Azkoitian, Trikigiro elkarteak udalarekin eta Um Blem Ble tabernarien elkartearekin antolatuta.
Goizetik trikitiaren doinuak zabaldu dituzte trikitilariek auzoz auzo egin dituzten kalejiretan. Gero, 13:30ean Julio Urkixo etorbidean elkartu dira trikitilari eta pandero jotzaile denak kalejira handia elkarrekin egiteko. Kalejira hasi aurretik, ordea, minutuko isilunea egin dute aurten hildako Manuel Izer, Porrutxo eta Bidani Motza hiru panderojoleak gogoan. Segidan, kaleak alaituz plazaraino joan dira.
Plazan 150 lagun inguru elkartu dira bazkaltzeko. Bazkalostean erromeria egingo dute 18:00etatik 20:00 aldera arte plazan bertan. Ohiko moduan, oholtza jarriko dute mikro irekiarekin, eta nahi duen orok izango du piezak jotzeko eta dantza egiteko aukera.