Zapatu Laranjaren atarirako serigrafia tailerra prestatu du AEK-k

Ane Olaizola 2025ko mai. 22a, 09:44

Zapatu Laranja egun osoko egitasmoa girotzen hasteko, kamisetak serigrafiatzeko aukera izango dute herritarrek asteartean Matadeixen, goizez zein arratsaldez.

Euskaltzaleek bat egingo dute hilaren 31n, larunbatez, Azkoitian, AEK-k prestatu duen Zapatu Laranja egun osoko egitasmoari esker. Horren atarian eta girotzen hasteko, gainera, serigrafia tailerra prestatu du erakundeak datorren astearterako, udalaren laguntzarekin.

Datorren asteartean, Matadeixen elkartuko dira kamisetak serigrafiatzeko: goizean, 10:00etatik 13:00etara eta arratsaldean, 16:00etatik 18:00etara. Parte hartzaile bakoitzak bere kamiseta eraman beharko du hara, eta antolatzaileek nikia zuria edo beltza izatea gomendatu dute.

Zapatuan, egun osoko festa

Larunbatean, bestalde, egun osoko festa izango da Azkoitiko plazan, AEKren eskutik: 10:00etan, murala margotuko dute bertaratzen diren guztiek, Michele Abrego artistaren laguntzarekin; 12:00etan, txupinazoa eta pregoia izango dira, eta ordu erdira Asier Kidam magoaren ikuskizuna hasiko da. 14:30ean, berriz, euskaltzaleak bazkaltzeko bilduko dira, eta otordura joateko sarrerak dagoeneko eros daitezke AEK euskaltegian, Lujan saltokian eta Dean tabernan, bost eurotan. Horrez gain, 18:30etik aurrera Gotx elektrotxarangak girotuko ditu herriko kaleak.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide