Anaitasuna futbol taldearen sasoia bere amaierara ari da iristen. Gizonek joan den zapatuan jokatu zuten denboraldi honetako etxeko azken partida, Mondragon taldearen aurka. Loren Barbado entrenatzaileak zuzentzen duen taldeak 4-0 irabazita agurtu zituen Txerloian bildutako zaleak. Emakumeen taldeak, berriz, Hernaniko (Gipuzkoa) Zubipe zelaian jokatu zuen aurtengo azken partida, eta 2-1 galdu zuten.
Azkar hartu zuten aurrea gizonek markagailuan; hamargarren minutuan egin zuen Galder Guembek gorritxoen lehen gola. Bigarrena egiten ere ez zuten gehiegi iraun Barbadorenek, Oihan Etxanizek 27. minutuan egin zuen eta bi eta hutsekoa. Festa handitzeko abagune gehiago ere izan zituzten Anaitasunakoek; atsedenaldirako hamar minuturen faltan langara bidali zuen baloia Etxanizek, eta handik gutxira Guembek oso gutxigatik egin zuen kale.
Atsedenaldiaren ostean, ordea, bisitariek izan zuten lehen gol aukera garbia; Aritz Sudupe atezainak geldiketa ona egin zuen, eta gorritxoek aurrez lortutako errentari eutsi zion hark. Etxanizek 65. minutuan egin zuen hirugarren golarekin, baina, dema guztiz erabakita utzi zuen Anaitasunak. Lehia borobiltzen azkena Xabi Soraluze erdilaria izan zen; area ertzetik egindako jaurtiketa batean lortu zuen hark gorritxoen laugarren eta azken gola.
Denboraldia amaitzeko partida bakar baten faltan, Anaitasuna zortzigarrena da sailkapenean 48 punturekin. Datorren asteburuan, Hernaniko Zubipe zelaian jokatuko dute gorritxoek sasoiko azken norgehiagoka. Maila galtzeko arrisku bete-betean dago Hernani, eta beraz, lehia zaila izango dute Barbadorenek han.
Porrotarekin agur
Mikel Barquero entrenatzaileak denboraldiko azken partida zuzendu zuen joan den zapatuan. Hernanin jokatu zuten Anaitasunakoek, eta 2-1 galdu zuten. Etxeko taldeak bosgarren minutuan egin zuen aurreneko gola, eta atsedenaldirako bost minuturen faltan bigarrena.
Bigarren zatiaren erdialdean egin zuten gorritxoek bi eta batekoaren gola; Kalare Odriozolak Maria Juaristik eginda erdiraketa baliatu zuen baloia sareetara bidaltzeko. Saiatu ziren entrenatzailearen agurrean, gutxienez, puntu bat batzen, baina ez zuten lortu.
Anaitasunak sailkapeneko hamabigarren postuan agurtu du urtea, 38 puntu batuta.
Bestelako pozak
Anaitasunaren harrobiko taldeek partida ugari jokatu dituzte asteburuan, batzuk mailari eusteko borrokakoak eta besteak kanporaketa girokoak. Gizonezkoen Gorengoen Mailako taldeak, esaterako, Urki liderrari 4-2 irabazi zion, eta hala, mailari eustea lortu dute. Ohorezko Kadeteen mailako taldeak, azkenik, Gipuzkoako Kopako finala jokatu zuen, eta gorritxoek 2-1 irabazi zioten Hondarribiari. Gazteen Euskal Ligako taldeak, berriz, Gazteen Euskal Kopara sailkatzea lortu zuen. 3-4 galdu zuten gorritxoek Lakuaren aurka, baina, aurkari zuzenen emaitzei esker, kopa jokatuko dute.