Euskaraldia 2025

Euskaraldiaren bueltan, lanketa berezia egingo du Gukak

Erredakzioa 2025ko mai. 15a, 10:35

Gukako hainbat langilek Euskaraldiarekin bat eginez Azpeitian atera duten argazkia. (Guka)

Gukak bat egin du euskararen erabilera sustatzea helburu duen egitasmoarekin, eta ez hori bakarrik, Euskaraldia martxan izango den 11 egunotan, Arnasa estu izenburupean hainbat erreportaje eta elkarrizketa kaleratuko ditu egunkarian eta webnguneetan, eta maiatzaren 25ean eztabaida saio bat ere bai Guka Telebistan.

Gaur hasi da Euskaraldia, eta maiatzaren 25era bitartean gauzatuko da euskararen erabilera sustatzea helburu duen ariketa soziala. Gukak, egitasmoarekin bat egiteaz gain, lanketa berezia egingo du egunotan. Alde batetik, maiatzeko aldizkariekin batera Euskaraldiari buruzko gehigarri berezia kaleratu zuen; bestetik, egitasmoak iraungo duen 11 egunotan Urola Kostan egingo dituzten ekitaldien eta jardueren inguruko informazio xehea helaraziko die herritarrei; eta horrez gain, Arnasa estu izenburupean, hainbat erreportaje eta elkarrizketa argitaratuko ditu egunkarian zein webguneetan, bihar hasita.

Eskualdean euskararen egoera nolakoa den azaltzea, euskararentzat mehatxu nagusiak zeintzuk diren identifikatzea eta horiei aurre nola egin aztertzea da Arnasa estu-ren helburua, eta erreportaje eta elkarrizketa sorta mahai inguru batekin borobilduko du Gukak. Telebista saioa Ihintza Elustondo kazetariak gidatuko du, eta Iñaki Iurrebaso UEMAko ikerlariak, Amelia Barquin Mondragon Unibertsitateko irakasleak eta Xabier Euzkitze kazetari eta euskaltzaleak parte hartuko dute saioan. Maiatzaren 25ean, igandez, ikusi ahal izango da solasaldia Guka Telebistan, 21:00etan hasita, eta hurrengo egunetik aurrera saioa osorik ikusgai izango da Gukaren webgune guztietan.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide