Larunbat gaueko Zestoa-Eibar autobus zerbitzuak behin betiko egingo ditu Azkoitian geldialdiak

Ane Olaizola 2025ko mai. 12a, 12:53

Azken asteetan proba moduan egon da indarrean Azkoitiko geralekua, eta zerbitzua "normaltasunez eta gorabeherarik gabe" gauzatu dela egiaztatu ondoren, zortzi urteren ondoren zerbitzua osotasunean berreskuratzea erabaki du Gipuzkoako Foru Aldundiak.

Zestoa eta Eibar lotzen dituen UK45G autobus zerbitzuari dagokion Azkoitiko geralekua berreskuratzea erabaki du Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Departamentuak, Azkoitiko Udalak zerbitzu hori "segurtasun parametro guztiekin" egingo dela bermatu ondoren. Horrenbestez, autobus linea horrek normaltasunez egingo ditu aurrerantzean Azkoitian geldialdiak.

Ana Azkoitia alkatea eta Azahara Dominguez Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako diputatua urtarrilean bildu ziren mugikortasun gaiak jorratzeko, eta udalak orduan eskatu zion aldundiari asteburuetako gaueko autobus zerbitzua Azkoitian berreskura zezala, besteak beste, "gazteek autoa har ez zezaten". Autobus linea horrek 2017an utzi zion herrian sartzeari, "behin eta berriz" errepikatzen ziren "segurtasun falta arazoak" argudiatuta, baina urtarrileko bilera hartan geralekua berriro indarrean jartzea aurreikusi zuten, proba moduan, aldundiak jarritako baldintza baitzen zerbitzuaren sergurtasuna bermatzeko udalak beharrezko neurriak hartzea.

Udalak "dagozkion neurriak" hartu ondoren, Dominguezek jakinarazi du autobusak azken asteetan geldialdiak egin dituela Azkoitian, eta zerbitzua "normaltasunez eta gorabeherarik gabe" gauzatu dela egiaztatu ondoren, udalaren eskaera onartu eta Azkoitiko geldialdia berriro indarrean jartzea erabaki du.

"Berri oso ona"

Azkoitiak azaldu du erabiltzaileentzat zein herritar guztientzat "berri oso ona" dela zerbitzua bere osotasunean berreskuratzea, eta azpimarratu du azken asteetan ez dela segurtasun arazorik egon Azkoitiko geralekuan, eta hori "oso garrantzitsua" dela gaineratu du. "Errespetua ezin da inon galdu, eta ezta autobusetan ere, goizaldeko ordu txikiak izan arren. Geralekua berreskuratzeko baldintzak ematen direla ikusteak poz ematen du". Aldundiari, berriz, eskerrak eman dizkio "zerbitzuaren aldeko apustua egiteko prestutasun osoa" erakutsi duelako.

Aldundiak, bere aldetik, azaldu du "erakundeen arteko lankidetza funtsezkoa" dela "zerbitzua herritarren benetako beharretara" egokitzen jarraitzeko, eta hark ere eskerrak eman dizkio udalari, geralekua berriz indarrean jartzeko azaldu duen "konpromisoagatik". "Entzute aktiboaren eta elkarlaneko gobernantzaren alde egiten jarraituko dugu, gipuzkoarren artean garraio publikoaren erabilera sustatzeko, eta lanean jarraituko dugu zerbitzu jasangarri, eroso, seguru, irisgarri eta lehiakor bat eskaintzeko, gure herritarrek dituzten desplazamendu-beharrei erantzungo diena", esan du Dominguezek.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide