Zestoa eta Eibar arteko gaueko autobus zerbitzua herrian gelditzea adostu dute, oraingoz, proba modura

Andoni Elduaien 2025ko urt. 30a, 13:14

Ezkerrean, Azkoitia alkatea, eta eskuinean, Dominguez diputatua. (Aldundia)

Aldundiak baldintza bezala jarri du bi herri horien arteko autobus zerbitzuaren segurtasuna bermatzea. Horretarako, udala Udaltzaingoarekin jarri da harremanetan, horiek balizko segurtasun arazo horiek ekidin ditzaten. UK01 zein UK05 zerbitzuak indartzea eta Urbanue herri barruko autobusa Mugi sisteman integratzea ere eskatu du udalak.

Ana Azkoitia herriko alkatea eta Azahara Dominguez Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako diputatua udaletxean bildu dira gaur, osteguna, azken hori Gipuzkoako udalekin egiten ari den bilera sorten harira. Besteak beste, Lurraldebusek herrian duen zerbitzuari buruzko gaiei buruz hitz egin dute, eta horien artean, garrantzia berezia hartu du Zestoa eta Eibar arteko UK45G gaueko zerbitzua berriro herrian geratzeko aukerak.

"Segurtasun arazoek eta jazoerek" eraginda, 2017an eten zuten autobus zerbitzu hori Azkoitian. Orain, udalak gaueko autobus zerbitzu hori asteburuetan berreskuratzea eskatu dio aldundiko Mugikortasun departamentuari. Alkateak adierazi du "segurtasuna lehenetsi" behar dela ezeren aurretik. "Asteburuetan Zestoa eta Eibar lotzen dituen gauetako autobus zerbitzua berreskuratzeko eskatu dugu, gazteek autoa hartu ez dezaten".

Zerbitzu horrek berriro Azkoitian geldialdia egitearen alde agertu da Dominguez diputatua, baina hark baldintza bezala jarri du zerbitzu horren segurtasuna bermatzea. Ohar bidez azaldu dutenez, herriko alkatea dagoeneko harremanetan jarri da Udaltzaingoarekin, horiek balizko segurtasun arazo horiek ekidin ditzaten. Horrela, zerbitzua berriro martxa jartzea aurreikusi dute, baina oraingoz proba egingo dute. "Iraganean gertatutako gertakariak errepikatzen ez direla baieztatzen bada, zerbitzua modu arruntean emango da berriro", azaldu dute. Alkateak ere bide beretik jo du, eta zerbitzu hori martxan jartzen denean "berriro halakorik ez gertatzea" espero du. Aurrerago jakinaraziko dute autobus linea hori noiz jarriko duten martxan.

Zumarraga eta Zumaia arteko UK01 eta Zestoa eta Ermua arteko UK05 zerbitzuak indartzeko aukera aztertzeko ere eskatu dio Azkoitiak diputatuari. Aldundiko Mugikortasun sailak Azkoitiko Udalaren eskaera aztertuko du, baina udalak aurrez ordu zehatz batzuk helarazi beharko dizkio bi zerbitzu horietan autobus gehigarriak jar ditzaten. "Plaza kopurua osatzen dela egiaztatuz gero, zerbitzua indartuko da, gainerako udalerrietan egin den bezala", nabarmendu dute.

Urbanue Mugi sisteman?

Azkoitian 2013. urteaz geroztik dago martxan Urbanue herri barruko autobusa, eta alkateak herriko zerbitzu hori Mugi sisteman integratzea galdegin dio diputatuari, herritarrek "sistema horrek dituen abantaila guztiez gozatu dezaten". Diputatuak prozesu horretan laguntzeko konpromisoa hartu du, eta Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzan (GGLA) egin beharreko urratsak jorratzeko laguntza eskaini dio udalari.

Garraio publikoa "lurraldea kohesionatzeko funtsezko tresna izatea" nahi dutela nabarmendu du Dominguezek. "Udalerrietara hurbildu behar dugu herritarrek dituzten benetako beharrak bertatik bertara ezagutzeko. Entzute ariketa baten bidez bakarrik jarraitu ahal izango dugu eskaintzen dugun zerbitzua hobetzen eta gure herritarren benetako beharretara egokitzen". Halaber, diputatuak esan du joan-etorrietarako ibilgailu pribatuaren menpe gero eta pertsona gutxiago egotea nahi duela erakundeak. "Garraio publikoko sistema bat izan behar dugu, jasangarria izateaz gain erosoa, segurua eta lehiakorra izango dena, eta gipuzkoarren beharrei erantzuna emango diena".

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide