Hasi da Azkoitiko Babes Sarea martxan

Andoni Elduaien 2025ko mai. 12a, 11:05

ABSko kideak, gaur, Kultur Etxean. (Andoni Elduaien)

Kultur Etxeko laugarren solairuan elkartu dira Azkoitiko Babes Sareko kideak. Astelehenetan, asteazkenetan eta ostegunetan izango dute zaintza sare horren laguntza jasotzeko aukera osasun arazo neurodegeneratiboak dituztenek eta haien senideek.

Gaur, astelehena, hasi du bere martxa Azkoitiko Babes Sareak (ABS). Osasun arazo neurodegeneratiboak dituzten herritarrei eta horien senitartekoei zaintzan laguntza eskaintzeko sortu dute hainbat lagunek sarea, eta hain justu, gaur bildu dira hainbat lagun Kultur Etxeko laugarren solairuko gela batean aurreneko aldiz.

10:00etatik 12:00etara bitartean egin dute solasaldia, eta gaur bezala, asteazkenetan eta ostegunetan ere elkartuko dira astero Kultur Etxean, 16:30etik 18:30era artean. Boluntario sarea izango da ABS taldearena, dagoeneko osatuta baitute "gutxieneko sare bat". Nolanahi ere, laguntza eskaintzeko prest dauden herritarrei izango dute horretarako aukerarik aurrerantzean. Gainera, ABS taldeak paseo bat emateko boluntario edo laguntzaileak ere lotu ditu, eta beraz, horretarako aukera ere izango dute familiek.

Whatsapp komunitate bat sortuta dute ABSkoek, eta bide hori erabiliko dute aurrerantzean taldearen informazioa helarazteko. Egitasmoari buruzko informazio gehiago nahi duenak 636 35 40 33 (Karmen Irizar) edota 687 05 67 55 (Julen Garate) telefono zenbakira deitu dezake edota azkoitikobabessarea@gmail.com helbide elektronikora idatzi.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide