Maiatzean musikaren tenplu izan ohi da Santa Kutz komentua Udaberriko Musikaldiari esker, eta atzo arratsaldean izan zuten herritarrek aurtengo programaren lehen kontzertuaz gozatzeko aukera. 2016an Elgoibarren sortutako Musbika Ensemble ganbera musika taldeak ireki zuen zikloa atzo, eta musika klasikoa eta antzinako musika bateratuz, Antonio Gaztañetaren bidaia lana aurkeztu zuen Azkoitian. Tripazko sokek, klabeak, arku barrokoak, larruzko estalkiek eta barroko garaiko kriterio historikoekin interpretatutako musikak Gaztañetaren garaiko Mutrikura eraman zuten publikoa.
Datozen hiru larunbateetan ere askotariko kontzertuak eskainiko dituzte han: hilaren 17an, Andreas Prittwitz musikari eta diziplina anitzeko artista alemaniarra izango da protagonista. Hilaren 24an, bestalde, Mixel Etxekopar eta Iñar Sastre musikariek Ravelen doinuen inguruko inprobisazioak kontzertua eskainiko dute. Maiatzaren 31n, berriz, Suhar abesbatza arduratuko da egitaraua ixteaz, eta taldeak Santa Kutz: Fedea eta Natura kontzertua eskainiko du orduan.
Ohi bezala, doakoak izango dira kontzertuak, eta emanaldietara joateko doako autobus zerbitzua ere jarriko du udalak. Larunbatero, 18:00etan abiatuko da autobusa Julio Urkixo kaleko 7. zenbakiko geralekutik —Eroski Consum ondoan—, eta kontzertua amaitzean, herrigunera itzuliko da. Autobus zerbitzua erabiltzeko ez dago aurrez izena eman beharrik.