Euskaraldiaren Gune Ibiltariak geldialdia egin zuen atzo Azkoitian. Egitasmoaren furgoneta eliz atarian izan zen 17:00etik 20:00era bitartean, herritarrei informazioa banatzen eta datorren ostegunean hasiko den ariketa sozialari lotutako materiala saltzen. Gainera, herritarrek ahobizi edo belarriprest gisa izena emateko aukera izan zuten.
Bihar, bestalde, Euskaraldiko txapak eta banderatxoak banatzen hasiko da Azkoitiko Euskara Mahaia. 11:30etik 13:30era jarriko dute postua plazan, eta datorren astean ere zabalduko dute txapak jasotzeko aukera: astelehenetik asteazkenera, 12:00etatik 13:00etara eta 17:30etik 19:30era.