Unai Anduezak Gipuzkoako Ekonomia Sustapen eta Proiektu Estrategietako diputatu kargua hartu du gaur, ostirala, Foru jauregian egin duten ekitaldian. Azkoitiarrak adierazi duenez, "ilusioz eta konpromisoz" heldu dio ardurari, eta eskerrak eman dizkio Eider Mendoza ahaldun nagusiari, eskainitako konfiantzagatik. "Ohore handia da diputatu ardura hartzea, eta konpromiso osoz ekingo diot gure ekonomia sendotzeari, etorkizuneko erronkei anbizioz eta erabakitasunez aurre eginez", adierazi du hark prentsaren aurrean.
Gaur egingo testuinguru geopolitikoaren aurrean, Gipuzkoa "potentzial handiko" lurraldea dela azaldu du, eta gizartearen ongizaterako "lehiakortasuna funtsezkoa" dela adierazi. Horri lotuta, Gipuzkoako Aldundiak lurraldeko enpresen egoera lehen eskutik ezagutzeko dituen hurbiltasun tresnak azpimarratu ditu: "Gure ekonomiaren lehiakortasuna gure ongizatearen oinarria da, eta horren defentsan eta sendotze lanetan jarraituko dugu, garapen sendoa eta jasangarria bermatzeko".
Eider Mendoza ahaldun nagusiak Anduezaren ibilbide "emankorra" nabarmendu du, Gipuzkoako ehun industrialaren ezagutza sakona duela eta lurraldearen garapenarekiko konpromiso irmoa duela adierazita. Izan ere, Andueza aldundiko Ekonomia Sustapen zuzendaria eta Proiektu Estrategikoen zuzendaria izan da azken bost urteetan. Horri lotuta, Gipuzkoako enpresen ehunarekin, garapen agentziekin eta ekonomiako gainerako agenteekin lankidetza estua izan duela esan du Mendozak. "Tren hau martxan da, abiadura bizian, eta Gipuzkoaren garapenerako garrantzitsuak diren proiektu estrategikoak abiarazten ari gara. Unai tren horretara igo da gure lurraldearen eta herriaren ongizatearen alde buru-belarri lanean jarraitzeko".