Bihar irekiko dute Martirietako igoeretarako izen-ematea

Andoni Elduaien 2025ko mar. 31a, 10:22

Hainbat txirrindulari, iaz, helmugara iristen. (Gorka Eizagirre)

Aurten, bizikleta igoeraz gain, korrikako lasterketa ere egingo dute Martirieta auzora. 10:00etan egingo dute antxintxikalarien proba, eta 11:15ean, txirrindulariena. Herrikrosaren webgunean eman ahalko da izena bihartik aurrera.

Jokin Ormaetxea txirrindulari elkarteak andremarien bueltan antolatu izan duen Martirietako Igoera lasterketa hilabete aurreratuta jokatuko da aurten; uztailaren 5ean, larunbatez, egingo dute proba. Dena den, data aurrerapena ez da izango aurtengo berrikuntza bakarra; izan ere, bizikleta probaz gain, korrikako lasterketa ere egingo dute Martirieta auzora.

Bihar, asteartea, zabalduko dute bi proba horietarako izen-ematea Herrikrosaren webgunean –honako lotura honetan eman daiteke bizikleta probarako izena, eta honako beste honetan antxintxika probarako–. Bi kasuetan 10 euro ordaindu beharko dute inskripzioa parte hartu nahi dutenek. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, guztira 300 dortsal jarriko dituzte probarako, 150 korrikako probarako eta beste horrenbeste bizikleta gainekorako.

Antolatzaileek, gainera, bi probei buruzko informazio gehiago eman dute. Batetik, korrikako eta bizikletako proba ordu desberdinetan jokatuko dute: 10:00etan hasiko da antxintxikalariena, eta 11:15ean, txirrindulariena. 3,7 kilometroko ibilbidea osatu beharko dute denek ere maldan gora, %8,4ko pendizarekin eta 302 metroko desnibel positiboarekin.

Iaz, 50 txirrindularik parte hartu zuten proban, eta Oier Ibarguren eta Nerea Etxeberria nagusitu ziren. Ibargurenek, gainera, Martirietako Igoeran marka berria ezarri zuen orduan (11.11).

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide