Kirola, lagunartea eta jai giroa uztartu ditu beste urte batez Martirietako Igoerak. XVI. edizioa bete du gaur Jokin Ormaetxea txirrindulari elkarteak eta Azkoitiko Udalak andremarien atarian antolatzen duten txirrindularitza proba herrikoiak, eta adin guztietako 50 lagunek parte hartu dute bertan: 47 gizonezkok eta hiru emakumek, hain zuzen.
11:00etan irten dira txirrindulariak plazatik, eta neutralizatuta joan da lasterketa Txalorrenekara arte, Martirietarako malda barrenera arte. Handik Martirietako plazara arteko 3,7 kilometroak osatzen azkarrena Oier Ibarguren azpeitiarra izan da (11.11). Martirietako Igoeran marka berria ezarri du, hain zuzen ere, Ibargurenek, eta aldearekin irabazi du Quebrantahuesos lasterketan aurten hirugarren egin duenak, minutu bat eta 27 segundora iritsi baita helmugara bigarren sailkatua, korrikako zapatillak utzi eta bizikletahartu duen Aitor Mimenza. Martin Amilibiak (12.41) osatu du gizonen podiuma. Emakume azkarrena, berriz, Nerea Etxeberria izan da: 30. tokian gurutzatu du helmuga azpeitiarrak, 18.46 denborarekin; Amaia Aizpuru izan da bigarrena (20.36, denera 40.), eta Miren Aizpuru hirugarrena (21.58, 44.).. Lehen kilometroko saria, berriz, Denis Carbayedarentzat izan da.
Irabazleak ez dira izan, baina, Martirietan saria izan duten bakarrak. Urtero bezala, hainbat zozketa egin dituzte antolatzaileek; eta, nola ez, parte hartzaileek zain zuten goian hamaiketako bikaina. Taldeko argazki jendetsua aterata agurtu dute aurtengoa Martirietan.
(Argazkiak: Gorka Eizagirre)