Sidenorreko lan gatazka

ELAren eta LABen jarrera "oztopatzailea" salatu dute UGT, CCOO eta USO sindikatuek

Ane Olaizola 2025ko mar. 17a, 14:13

Hiru sindikatuen arabera, langile talde batek galdeketa abiatu du Azkoitiko lantegian, eta beharginek enpresaren azken proposamena onartzen duten edo ez erabaki ahal izateko. Ordea, sindikatu abertzaleak galdeketa "boikoteatzen" saiatu direla salatu dute.

Azkoitiko Sidenor lantegiko UGT, CCOO eta USO sindikatuek ELAren eta LABen jarrera "antidemokratikoa eta oztopatzailea" salatu dute, hiru sindikatu horien arabera, sindikatu abertzaleak "lantaldearen zati handi baten borondatea boikotzeatzen saiatu" direlako. 

Urtebetetik gora iraungita dagoen enpresa hitzarmena berritzeko asmoz hamabost hilabetez negoziazioetan egon ondoren eta "adostasunik ez" zegoela ikusita, "lantegiaren etorkizunaz kezkatuta" dagoen langile talde batek sinadura bilketa abiatu zuela jakinarazi dute hiru sindikatuek ohar bidez. Horien esanetan, Langileen Estatutuan jasota dagoen moduan, galdeketa bat gauzatzeko asanblea egin ahal izateko gutxieneko sinadura kopurua, herena, lortu zuen bilketa horrek, eta horrenbestez, galdeketa bat jarri zuten abian, lantegiko beharginek erantzun beharreko honako galdera hau zehaztuta: "Ados al zaude enpresak aurkeztutako hitzarmen kolektiboaren azken proposamena onartzearekin, eta erreferendumaren emaitza loteslea izatearekin enpresa batzordeko sindikatu guztientzat?".

UGT, CCOO eta USOk salatu dute ELAren eta LABen ordezkariek "jarrera onartezina" izan dutela "ariketa demokratiko" horren aurrean: "Batzarrak lehertzen saiatu dira, langileek proposatutako gai-zerrenda errespetatu gabe eta lantaldeak botoa emateko eskubidea erabiltzeari uko eginez. Hasieratik bileren ohiko garapena oztopatu dute, informazioa desitxuratuz eta mezu manipulatzaileak bidaliz beraien agenda Sidenorreko langileen borondatearen gainetik inposatzeko". Ildo horretan, "galdeketa egitari uko egiteak oinarrizko eskubideekiko mespretxua" adierazten duela azpimarratu dute sindikatuek, eta jazotakoa lantaldearen erabakia "bahitzeko ahalegin lotsagabea" izan dela deritzote.

Bestalde, sindikatuek agindu dute galdeketa "berme demokratiko guztiak" izan ditzan lan egingo dutela, eta azpimarratu dute "langileek beren etorkizunari eta hitzarmenari buruz erabakitzeko eskubidea" dutela, "presiorik eta manipulaziorik gabe" eta "gardentasun osoz".

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide