Euskaraldia 2025

Zabaldu dute Euskaraldirako norbanakoen izen ematea

Nerea Uranga 2025ko mar. 15a, 12:00

Euskaldiaren norbanakoen izen ematearen irekiera ekitaldia, gaur Gasteizen. (Euskaraldia.eus)

Euskaraldia hasteko bi hilabete falta direla ireki dute norbanakoek izena emateko epea. Euskararen erabilera sustatzeko ariketa soziala maiatzaren 15etik 25era egingo da, eta ordura bitartean, herriz herri ahobizi nahiz belarriprest gisara izena emateko mahaiak jarriko dituzte tokian tokiko Euskaraldiko batzordeek.

Gaurtik aurrera izango dute belarriprestek eta ahobiziek Euskaraldian izena emateko aukera. Laugarren edizioa du aurtengoa Euskaraldiak, eta aurreko aldietan bezala ahobizi eta belarriprest gisara parte hartzeko aukera izango dute norbanakoek maiatzaren 15etik 25era euskararen erabilera bultzatzeko egingo den ariketa sozial masiboa.

Herritarrek Euskaraldian izena emateko epea ireki dela iragartzeko Euskal Herri mailako ekitaldia egin dute gaur Gasteizen. Dozenaka lagun bildu dira ekitaldian, hala nola herritarrak, erakundeetako ordezkariak, batzordeetan aritzen direnak eta entitateetako kideak. Ibone Bengoetxea Eusko Jaurlaritzako lehendakariordeak eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak, Ana Ollo Nafarroako Gobernuko bigarren lehendakariordeak eta Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako kontseilariak, Irati Iciar Taupako lehendakariak eta Goiatz Urkijo Euskaraldiko koordinatzaile orokorrak azaldu dituzte aurtengo Euskaraldiaren nondik norakoak. Euskaraldia euskararen erabilera aktibatzeko mugimendua edota ariketa praktikoa dela adierazi dute, eta horretan Euskaraldiak egiten duen ekarpena nabarmendu dute.

Ahobizi eta belarriprest, Euskaraldian parte hartzeko bi moduek, ariketa sozialeko rol ezberdinak definitzen dituzte. Ahobizi papera hartzen dutenek, euskaraz ulertzen duten guztiekin une oro euskaraz egiteko konpromisoa hartuko dute, baita beti lehen hitza euskaraz egitekoa ere. Belarriprest gisa izena ematen dutenek, berriz, euskara dakitenek harekin euskaraz hitz egitera gonbidatuko ditu.

Euskaraldirako izena Internetez Euskaraldia.eus webgunean eman daiteke, eta bakoitzari dagokion txapa jasotzeko informazioa aurrerago emango dute herrian herriko Euskaraldiko batzordeek. Izan ere, herriz herriko batzordeek mahaiak jarriko dituzte kalean, herritarrei ariketa sozialean parte hartzera dei egiteko, eta ariketak oihartzun handiagoa izan dezan.

Euskaraldiaren gune ibiltaria gaur abiatuko da Gasteizen, eta Euskal Herriko hainbat herritan geldialdiak egingo ditu maiatzaren 18ra bitartean. Urola Kosta eskualdean bi herritan izango da: maiatzaren 8an, Azkoitian eta maiatzaren 9an Zarautzen.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide