Azkoitiko Euskara Mahaiak bihar, osteguna, aurkeztuko du Azkoitiko herriak Euskaraldirako osatu duen hamaikakoa. Eliz atariko Barrikak iturriaren aurrean egingo dute ekitaldi irekia, 18:30ean hasita; orduan ezagutaraziko dute hamaikakoa zein herritarrek osatuko duten, eta Azkoitian ekimenaren enbaxadore zein izango diren.
Euskara Mahaiak du herritarren kontzientzian eragitea helburu duen ariketa kolektiboa prestatzeko ardura Azkoitian, eta Maxixatzen Euskaldunon Elkarteko dinamizatzaile Oihana Sudupe da koordinatzailea. Haren esanetan, belarriprest-ei egin nahi izan diete aitortza aurten. "Azkoitia moduko herri batean oso erraza da ahobizi rola duten pertsonak topatzea, baina Azkoitian belarriprest izateak badu bere meritua, herria euskalduna delako eta, gainera, euskara itxi samarra dugulako". Euskaraldiaren Azkoitiko koordinatzaileak azaldu du, hain justu, hamaikakoa "horren isla" izango dela.
Hamaikakoa osatuko duten lagun guztietatik bost izango dira Euskaraldian belarriprest rola izango dutenak, eta sei ahobizi rola dutenak. Suduperen esanetan, belarriprest gehienak "kanpotik etorritako herritarrak" dira, baina horiek guztiek euskararekiko "jarrera oso positiboa" dute.