Euskaraldia 2025

Oihana Sudupe: "'Belarriprest'-ei aitortza egin nahi izan diegu, eta hamaikakoa horren isla izango da"

Ane Olaizola 2025ko mar. 6a, 12:00

Oihana Sudupe. (Ane Olaizola)

Udazkenetik udaberrira jauzi eginda, datorren maiatzaren 15etik 25era egingo dute Euskaraldiaren laugarren aldia. Azkoitian Euskara Mahaiak du herritarren kontzientzian eragitea helburu duen ariketa kolektiboa prestatzeko ardura, eta Maxixatzen Euskaldunon Elkarteko dinamizatzaile Oihana Sudupe (Azkoitia, 1983) da koordinatzailea.

Euskara Mahaia da Euskaraldia Azkoitian prestatzen dabilen lantaldea. Zer dela eta?

Abenduan hasi nintzen Maxixatzen Euskaldunon Elkarteko dinamizatzaile lanetan, eta elkarteak bestela ere parte hartzen du Euskara Mahaian. Euskaraldia lantzen hasi ginenean, mahaiko kideek begi onez jo zuten Euskara Mahaiko lantaldeak prestatzea Euskaraldia Azkoitian, aurreko urteetan ere hala egin delako eta ondo atera delako.

Maxixatzenek ez ezik, herriko beste eragile batzuek parte hartzen dute Euskara Mahaian: Erniarraitz bertsozale elkarteak, AEK-k, ikastetxeek, udal zinegotzi eta teknikariek, guraso elkarteek… Ordezkaritza zabala dugu, eta dezenteko maiztasunarekin lan egiten duen taldea garenez, Euskaraldia guk geuk prestatzea erabaki genuen.

Zein da lantaldearen funtzioa?

Euskaraldiarekin lotuta herrian egingo diren ekintzen gaineko erabakiak hartzea eta prestaketa lanak aurrera eramatea; esaterako, hamaikakoa osatzen aritu gara azken asteetan, eta Euskaraldiari ikusgarritasuna emateko jarriko dugun materiala lortzea ere bagabiltza.  

Bi hilabete falta dira Euskaraldia hasteko. Zer moduz doaz prestaketa lanak? Zer egiteko duzue maiatzera bitartean?

Aurreneko hitzordua hurrengo ostegunerako —martxoak 13— finkatu dugu, orduan aurkeztuko dugulako hamaikakoa. Hilaren 15ean, berriz, norbanakoen izen-ematea hasiko da, eta orduan hasiko gara egitasmoa girotzen eta hari ikusgarritasuna ematen, jendea anima dadin parte hartzera. Ondoren, txapak banatuko ditugu, maiatzean bertan, Euskaraldia hasi baino astebete lehenago hasita. Horrez gain, maiatzaren 23an, Ana Goitiak Katana bakarrizketa saioa eskainiko du.

Berrikuntzarik izango al du aurten Euskaraldiak?

Euskaraldiaren barruan, Euskaraldia Hika egingo da aurten, eta Azkoitiak herri moduan parte hartuko du hor ere. Izan ere, Euskara Mahaian ikusi genuen Azkoitian hitanoa errotuta badagoela, nahiz eta horren erabilera gutxitzen ari den. Beraz, herritarrek Euskaraldian izena ematen duten unean aukera izango dute Hikaldian ere parte hartzeko. Hikaldian parte hartzeak esan nahi du bertan izena eman duena prest dagoela hitanoa gutxienez entzuteko; entzun ez ezik, hika hitz egiten badu, orduan eta hobeto.

Euskaraldiak zer erronka du Azkoitian?

Euskaraldiaren helburua beti izan da herritarren kontzientziak astintzea; jakitun izan behar dugu euskaldun moduan zer rol jokatzen dugun. Erdara gero eta gehiago entzuten bada ere, Azkoitia bada herri euskalduna, oro har euskaraz bizi garelako herrian. Baina askotan ez gara jabetzen jauzi bat eman behar dugula: esaterako, herritik ateratzen garenean, maiz gaztelaniara jotzen dugu, izan dendetan edo tabernetan. Kontzientzia horretan eragitea da asmoa, behintzat lehenengo hitza euskaraz egin dezagun eta elkarrizketa ahalik eta gehien manten dezagun euskaraz. Euskaraldiak irauten duen egunetatik harago, ohitura horiek gerora ere mantendu nahi dituen ariketa soziologikoa da Euskaraldia; ez da soilik soinean txapa bat jartzea.  

Laugarrenez egingo da Euskaraldia. Orain arteko aldiek zer ikasteko balio izan dute?

Iruditzen zait Euskaraldia oso ariketa pertsonala dela. Pertsona batzuentzat balio dezake kontzientziak astintzeko, eta aldiz, beste batzuek parte hartzen dute iruditzen zaielako parte hartu behar dutela. Herri moduan, ordea, balio beharko liguke kontzientzian sakontzeko. Euskaldunak gara, baina hein batean euskaltzaleak ere bagara, eta Euskaraldiak badu hor zer eginik; herritarroi joerak aldatzea da Euskaraldiak irakatsi beharko ligukeena.

Askotan galde ohi da Euskaraldiak berbera izan behar al duen Euskal Herri osoan, herrialde osoaren errealitatea bera ez delako berbera.

Euskara Mahaian behin baino gehiagotan komentatu dugu hori. Gaur egun, 50 pertsona baino gehiago dauden entitateetan bi motatako ariketak egiteko aukera dago Euskaraldiaren barruan: bata da oinarrizkoa, eta bestea sakoneko lanketa. Azken horren helburua da herritarrek konpromiso zehatz batzuk hartu eta betetzea.

Lantoki bakoitzaren errealitatea desberdina izan daiteke hizkuntz ohiturei dagokienean, eta egia da gauza bera gertatzen dela herrialde osoa kontuan hartuz gero ere. Ez da gauza bera Azkoitiko edo Iparraldeko egoera, eta, beharbada, lanketa desberdina egitea eskatzen du horrek; neuk ere zalantza egiten dut horretan. Euskaraldia, ariketa moduan, oso orokorra da, eta hein batean hala izan behar du, denok parte hartu ahal dezagun. Baina agian, herri euskaldunok zerbait gehiago ere beharko genuke. Horrek bestelako lanketa bat eskatzen du, eta herri mailan zenbateraino landu nahi dugun ere kontuan hartu behar da, gure esku dagoelako oinarrizko ariketatik harago joan nahi al dugun edo ez erabakitzea.

Hurrengo ostegunean, hilaren 13an, Azkoitiko hamaikakoa aurkeztuko duzue jendaurrean. 18:30ean jarri duzue hitzordua, eliz atariko barriketan. Hamaikakoari buruz zerbait aurreratzerik bai?

Aurten, belarriprest-ei aitortza egin nahi izan diegu. Azkoitia moduko herri batean oso erraza da ahobizi rola duten pertsonak topatzea, baina Azkoitian belarriprest izateak badu bere meritua, herria euskalduna delako eta, gainera, euskara itxi samarra dugulako. Beraz, aitortza egin nahi izan diegu horiei, eta hamaikakoa horren isla izango da. Beraz, taldean badaude bost bat lagun belarriprest direnak. Gehientsuenak kanpotik etorritako herritarrak dira, euskararekiko jarrera oso positiboa dutenak.

Erakundeak ari dira Euskaraldian izena ematen, eta Azkoitiak dagoeneko egin du. Hurrengo deialdia herritarrentzat izango al da?

Entitateek oraindik badute aukera izena emateko, eta herritarrek martxoaren 15etik aurrera izango dute euskaraldia.eus atarian. Horrez gain, udaletxean eta Elkargunean buzoiak jarriko ditugu Internetez ondo moldatzen ez direnentzat zein paperean izena eman nahi dutenentzat. Horrenbestez, herritar guztiak animatu nahi ditugu izena ematera.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide