Hitanoa biziberritzeko xedez, ZirHika egitasmoa aurkeztu dute Euskal Herriko hitanoaren aldeko zenbait eragilek. Ostiralean egin zuten aurkezpena, Donostian, eta parte hartu zuten hainbat euskara elkartetako kideek, udaletako euskara teknikari hainbatek eta Andoni Egaña eta Amaia Agirre bertsolariek. Hitanoa ez dagoela egoerarik osasuntsuenean argudiatuta, badela zer egin adierazi dute egitasmoaren sustatzaileek.
Zirhikako kideek azaldu dutenez, Badihardugu euskara elkarteak egindako inkesta batek agerian utzi du zein den egoera: galdetegia bete zuten herritarren %55ek esan zuten hitanoaren egoera eskasa edo oso eskasa dela; eta %11k uste zuten egoera ona dela.
Bereziki nokaren egoerak –emakumeekin erabili ohi den aldaera– sortzen die kezka, eta ZirHikaren talde sustatzaileak horri ere erantzun nahi dio. Halaber, gazteen artean ere eragin nahi dute: "Gure asmoa da euskaldunen artean, bereziki gazteen artean, hitanoaren erabilera areagotzea eta sendotzea, hizkuntza ohiturak aldatzea eta hiztunak aktibatzea, euskararen erabilera indartzeko".
Bideorria, zehaztuta
Helburuak lortzeko, 2025erako bideorria zehaztu dute. Lehen urratsa Euskaraldia Hika izango da. Hain zuzen ere, hala nahi duten herriek egin ahal izango dute bat egitasmoarekin martxoaren 1a bitartean. Oraingoz, 66 udalerrik eman dute Euskaraldia Hikan izena, tartean, Azkoitiak.
Herri horietako herritarrek Euskaraldiko txaparen gainean H hizkiaren pegatina jarri ahal izango dute. Hala azaldu dute ZirHikako ordezkariek: "Ez dago hika jakin beharrik H ipintzeko; hitanoa ikasi edo entzun nahi duenak ere jar dezake. Zukak ez ezik, hikak ere balio du entzuteko edo hitz egiteko, hitano hiztunak aktibatzeko eta sortzeko nahiz hitanoa plazaratzeko".
Horrez gain, ordea, beste hainbat asmo ere badituzte ZirHikako kideek. Besteren artean, Euskal Herriko II. Hika Topaketa egingo dute dute, Markiña-Xemeinen (Bizkaia) azaroan; eta Euskal Herriko II. Hikadromoa ere egingo dute. Gainera, Bertsozale Elkartearen eta UEMAren Salto! udalekuetan hitanoa txertatzea nahi dute, eta praktika onen dekalogo bat ere onduko dutela aurreratu dute.