Goizean festa handia izan bada, zer esan arratsaldeari buruz. Azkoitiarrek gogotik ospatu dute inauterietako egun handia. Aparteko festa izan da arratsalde erditik aurrera herriko plaza eta Balda plaza bitartean. Askotariko mozorroak aurkeztu dituzte lehiaketan izena emandako taldeek, eta haien bueltako ikuskizunak ere politak bezain barregarriak izan dira.
Mozorroen artean, besteak beste, Orioko balea eta hura arrantzatu zuten arrantzaleak, borroka mexikarreko taldea, neguan andremariak ospatu nahi izan dituen taldea, Aingeru Guardako egunaz oroitu direnak, Zetak musika taldez, eta 70ekoz jantzi den taldea ikusi dira, baita animaliaz jantzitako herritarrak ere. Irudimena era askotara jarri dute dantzan azkoitiarrek mozorroa egiteko. Dena den, lehiaketara aurkeztu ez diren herritarrek ere mozorro deigarriak erakutsi dituzte.
Mozorroekin batera, musika izan da arratsaldean ere festa piztu duen osagaia. Batetik, UK03 txarangako kideak aritu dira kalerik kale inauterietako abestiak eskaintzen, eta bestetik, herriko plazan, Joselu Anaiak musika taldeak emanaldia eskaini du. Mozorroei begira ez bada, musikariekin dantzan, herritarrek aukerako festa izan dute arratsaldean.
Hona hemen gaurko festa egunari gelditzen zaizkion hitzorduak:
- 21:00. Mozorro lehiaketako sari banaketa ekitaldia, herriko plazan.
- 20:30-23:30. Indarkeria matxistarik gabeko gunea, eliz atarian.
- 22:30-00:00. Joselu Anaiak taldearekin dantzaldia, herriko plazan.
- 23:00-02:00. Alkoholaren eta beste drogen kontsumoak eragiten dituen arriskuak prebenitzeko eta murrizteko zerbitzua, eliz atarian.