Inauteriak 2025

Mozorro giro ezin hobea sortu da eguerdirako

Andoni Elduaien 2025ko mar. 1a, 13:32

Txistularien, musika bandaren eta txarangaren hotsak nonahi entzun dira eguerdian kalean, eta asko izan dira haien bueltan mozorrotuta festari ekin diotenak. Gaurko eguna hasi besterik ez da egin, bihar goizaldera arte luzatuko baita urteko jairik koloretsuena.

Azkoitiarrek hasi dute inauterietako egun handia. Gaur, zapatua, mozorro festa handia izango da herrian, eta goizerako suma zitekeen horren zantzurik. Poliki-poliki joan dira kaleak betetzen, baina, azkenean, inoiz ez bezalako jendetza elkartu da kalean. Batzuk, gainera, karroza eta guzti irten dira. Asko izan dira eguna goizean goizetik mozorrotuta ospatzen hasi nahi izan dutenak. Koloreak beste mozorro gai erakutsi dituzte herritarrek goizean, baina, arratsaldean etorriko denaren atarikoa besterik ez da izan orain artekoa.

Eguerdian ez da falta izan festarako aitzakiarik. 12:00etatik bazkalordura arte kalerik kale ibili dira Txalkor txistulari taldekoak, musika bandakoak eta Bizkargi musika eskolakoak; nonahi entzun ahal izan dira herriko musikarien doinuak. Eta festarako pizgarririk inork falta bazuen, UK03 txarangak jarri ditu dantzan artean lozorroan zeuden herritarrak. Inauterietako abestiak eskaini ditu Urola Kosta eskualdeko musikariek osatutako txaranga gazteak.

Gaurtik bihar goizaldera arteko festa izango da Azkoitian. Hona hemen gaurko egunerako udalak prestatu dituen hitzorduak:

  • 17:30. UK03 txarangaren kalejira.
  • 18:00-21:00. Joselu Anaiak taldearekin dantzaldia, herriko plazan.
  • 19:30-20:30. Mozorro lehiaketa, Plazaberrin.
  • 21:00. Mozorro lehiaketako sari banaketa ekitaldia, herriko plazan.
  • 20:30-23:30. Indarkeria matxistarik gabeko gunea, eliz atarian.
  • 22:30-00:00. Joselu Anaiak taldearekin dantzaldia, herriko plazan.
  • 23:00-02:00. Alkoholaren eta beste drogen kontsumoak eragiten dituen arriskuak prebenitzeko eta murrizteko zerbitzua, eliz atarian.

 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide