Sidenorreko langileek hilabeteak daramatzate mobilizatzen bi aldarri nagusi oinarri hartuta: iaz erdietsitako aldi baterako lan erregulazio espedientea ezartzeko akordioa indargabetzea eta urtebetetik gora iraungita dagoen enpresa hitzarmena berritzea. LAB sindikatuak agerraldia egin du gaur, eta salatu du Sidenorreko langileen egoera okertzen ari dela, eta lan hitzarmenaren negoziazioak "oso gogorrak" izaten ari direla, "Jose Antonio Jainaga buru duen taldearen jarrera" tarteko.
"Kanpora zein barrura begirako joko bikoitza" salatu du LABek. Sidenor taldeak Talgo tren enpresa erosteko jokatu duen papera dela eta, hedabideetan "EAEko industriaren salbatzaile gisa" aurkeztu duten arren, Sidenorreko langileek bestelako iritzia dutela adierazi dute. "Enpresa bat Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan errotuta egoteak ez du esan nahi soilik bertan dituela lantegiak. Horrez gain, bertan lan egiten duten langileak nola tratatzen dituen eta zein baldintzatan egiten duten lan ere kontuan hartzea beharrezkoa da", adierazi dute. Horregatik, kanpora begira "eredugarritzat" aurkezten duten horrek, barrura begira "hobetzeko asko" duela esan dute.
Azkoitiko Sidenorreko langileen Aldi Baterako Enplegu Erregulazio Espedientea (ABEEE) Reinosakoekin batera negoziatzearen arrazoi bakarra "Gipuzkoako lantegian enpresari hain mesedegarri ez zaion gehiengo sindikala blokeatzea da", LABek kritikatu duenez. "Sidenor enpresak langileak panpinak bezala erabiltzen gaitu eta gure osasunarekin jokatzen ari da".