Urtebete baino gehiagoz iraungita dagoen enpresa hitzarmena berritzeko lehen proposamena egin dio Sidenorren zuzendaritzak langile batzordeari, ELA eta LAB sindikatuek jakinarazi dutenez. Joan den asteartean Precon aurkeztu zuen Sidenorrek negoziazio mahaia desblokea dezakeen bere plataforma, eta Lan Harremanen Kontseiluak kudeatzen duen gatazka kolektiboen ebazpenerako organo horretan izan zen langileen taldea ere. Ostiralean, berriz, altzairugintza industriako taldeak Azkoitiko lantegian bertan aurkeztu zien beharginei proposamena; bederatzi urte iraungo lukeen lan hitzarmena jarri du mahai gainean. "Gure sektorean behintzat, ez dugu inoiz halakorik ikusi", adierazi du Kepa Urzelai LABeko ordezkariak. Bi sindikatuen ustez, "onartezina" da egin dieten eskaintza.
ELA, LAB, UGT, CCOO eta USOk osatzen dute Sidenorren Azkoitiko lantegiko langile batzordea, eta gehiengo sindikala osatzen duten lehen bi horiek dira, gaur-gaurkoz, lan hitzarmena berritzeko eratuta duten plataformako kideak. "Gure nahia beti izan da sindikatu guztiekin plataforma bateratua osatzea, hori izango litzatekeelako eraginkorrena", esan du ELAko ordezkari Borja Gomezek. Plataforma horretako ordezkariek azaldu dutenez, datozen urteetan soldatak %1,25 igotzea proposatu du enpresak, aurten hasita, iazko urtea galdutzat eman baitu hark. 2025etik 2029ra artean ezarriko luke enpresak zenbateko hori, baina azken hiru urteetakoa ez du zehaztu; "beste faktore batzuen mendekoa" izango litzateke orduan soldata igoera. "Bederatzi urteetan, beraz, soldatak %6,25 igotzea proposatu digute, baina igoera horrek ez du KPIa bermatzen, ez dakigulako datozen urteetan zenbatekoa izango den. Hasieratik eskatu dugu galdutako erosahalmena berreskuratzea, zati bat behintzat, baina enpresak ez du halakorik bermatzen", esan du Urzelaik. Sindikatuen arabera, soldata igoera hori ez da "erreala".
Enpresak, gainera, proposatu du Gipuzkoako hitzarmenak eskaintzen duena baino lanaldi handiagoa izaten jarraitzea langileek. "Lurraldeko hitzarmenak gutxiengo bat ezartzen du, eta enpresek gutxiengo horretatik abiatu beharko lukete, beti ere onerako. Ordea, enpresaren proposamenak justu kontrakoa egiten du". Gaur egun, enpresak ahalmena dauka bederatzi eguneko epean langileen egutegia moldatzeko, eta lan hitzarmenean ere malgutasun bera izatea aurreikusi du zuzendaritzak: "Langileoi lanaldia murriztu zigutenean, enpresak malgutasunez jokatu ahal izatea onartu genuen, baina beharginei lanaldia igo eta enpresak malgutasun bera izatea guztiz sobran dagoen neurria da". Langileen ordezkarien ustez, neurri horrek "bete-betean" egiten du kontziliazioaren aurka.
Bestalde, Azkoitiko azpiegiturak urteko egun guztietan irekitzea ere proposatu du zuzendaritzak, eta hori ere arbuiatu egin dute beharginek, "beharrik ez" dagoelakoan. Era berean, erretiro aurreratuak egiteko aukera ere txertatu dute hitzarmenerako eskakizunetan: "Enpresa ez dela bideragarria diote, eta horren aurrean, aurrejubilazioak egitea aipatzen dute. Langile ugari erretiro aurreratuen zakuan sartu nahi dituzte, eta langileei beldurra sartzen diote horrekin. Enpresak, bestela ere, legez, aurrejubila ditzake beharginak, eta gure ustez, puntu horrek ez luke egon behar negoziaketa batean", azaldu du Gomezek. Aldi berean, esan du enpresa bideragarria dela erakusten duen azterketa bat egina dutela, Sidenorrek 2023an 47 milioi euroko irabazi garbia izan zuela jakitera emanda. "Bideragarria izanagatik, esaten ari zaigu urtean %1,25 igoko digula soldata".
Langileen plataformak errefusatu egin du Sidenorren proposamena, eta salatu du enpresak ez duela "ikusi ere egin" langileek helarazitakoa, sindikatu guztiek eskatzen duten puntu bakarra hartu duelako kontuan; ekoizpen saria berreskuratzea, hain justu. Proposamenaren arabera, 2016an galdutako sari hori berreskuratuko lukete langileek, baina 2026 eta 2029 urteen artean soilik; "oso berandu da hori guretzat". Sindikatuen arabera, hobari hori indargabetzeak langile bakoitzari 12.000 eurori uko egitea eragin dio azken urteetan. "Orduko hartan, enpresak azaldu zigun egoera txarrean zegoela, eta langileok prest azaldu ginen ekoizpen prima kentzeko, baina gero bueltan jasoko genukeelakoan". Hain zuzen, Urzelaik azpimarratu du langileek "nahikoa" eman dutela orain arte. "2014ko soldata berarekin jarraitzen dugu, baina 11 urteotan bizitza zeharo garestitu da. Proposatutako hitzarmen honek are eta pobreago bihurtuko gaitu, eta baldintza okerragoetan egongo gara".
Bederatzi urte iraungo lukeen lan hitzarmena aurkeztu du zuzendaritzak
Ostiralean elkartuko da berriz negoziazio mahaia, eta zentzu horretan, "harridura" erakutsi dute sindikatuek, enpresak ez duelako izan egoera desblokeatzeko "presarik" orain arte. "Gu irekita gaude hitz egitera, baina enpresak argi izan behar du ez gaudela ados proposatzen dutenarekin", aurreratu dute.
Akordioak baldintzatuta
Hitzarmenaren berritzeaz gain, langileen lan jardunean zuzenean eragiten duen beste gatazka batean murgilduta ere badaude Sidenorren, iazko apiriletik aldi baterako lan erregulazio espedientea dutelako ezarrita. Enpresak ekoizpen arazoak zituela arrazoituta, urtebeterako aldi baterako lan erregulazio espedientea sinatu zuten enpresako zuzendaritzak eta UGT, CCOO eta USO sindikatuek, beste sei hilabetez luza daitekeena gero. Hain zuzen, hitzarmenari dagokion gatazkak lan erregulazio espedientea "baldintzatu" duela uste dute bi sindikatuek, eta zigortzat jo dute espedientea indarrean jarri izana: "Hitzarmenagatik gatazkarik ez bagenu, egoera normalean geundeke lanean". Ordea, azpimarratu dute enpresak aukera duela ekoizpena taldeko beste lantegietara bideratzeko, eta horixe egiten duela salatu dute sindikatuek: "Lana lantegi batetik bestera mugitzen du, bere helburua baita gure baldintzak kaskarrak izaten jarraitzea eta langileon arteko giroa gaiztoa izatea. Tristea da, baina horixe da bizi duguna".
Behin baino gehiagotan salatu izan dute enpresak "boikoteatu" egin duela Azkoitiko gehiengo sindikala; izan ere, espedientea ezartzeko akordioa itxi zutenean, neurria indarrean jartzeko Azkoitiko lantegia eta Reinosakoa (Espainia) uztartu egin zituen enpresak, eta modu horretara, UGT, CCOO eta USOrekin osatu zuen gehiengo sindikala. ELAren eta LABen esanetan, beraz, "tranpa" batekin sinatu zuten akordio hura. Era berean, Azkoitiko lantegiak ia 300 langile ditu, eta han %20ko espedientea dute indarrean; kontrara, Kantabriakoan oraindik ez dute ezarri. Ildo horretan, enpresa "joko bikoitza" egiten ari dela salatu dute: "Reinosako lantegia aprobetxatu dute Azkoitian espedientea ezartzeko; han ez dira ari lan erregulazioaren ondorioak sufritzen, eta hemen, bai. Enpresak ekoizpena mugitzeko ahalmena duelako egiten du hori, guk hitzarmenaren aldeko borroka dugula kontuan hartuta".
Langileak, "nahieran"
Bien bitartean, aldi baterako lan erregulazio espedienteak eragiten dion langile bakoitza bere langabezia kontsumitzen ari da, eta egoera horretan egoteak, ekonomikoki ez ezik, psikologikoki ere eragiten die; langileei eta haien familiei: "Jendea beldur da, etxera ez delako dirua lehen bezala sartzen, langabezia gastatzen ari direlako... Etorkizunean galera sor dezake horrek, eta ziurgabetasun egoeran bizi gara". Ildo horretan, Urzelaik adierazi du enpresak langileak «nahieran» eduki nahi dituela: "Gaur 200 langile behar baditut, 200 langileri deituko diet; eta hurrengo astean 200 behar baditut, beste horrenbeste deituko ditut lanera". Era berean, Sidenor Azkoitiko lantegi handiena izanik, egoerak herriko ekonomian ere eragina duela azpimarratu dute. Hori horrela, Azkoitiko Udalera ere joko dute sindikatuek, udal ordezkariekin biltzeko asmoz.
Bi sindikatuen ustez, enpresak horrela jokatzea ez da "zilegi", are gehiago langile gehienek enpresan hogei urte baino gehiago daramatzatenean. "Langileok ez dugu hau merezi", diote bi ordezkariek. Egoeraren aurrean, mobilizazioak egiten jarraituko dutela berretsi dute bi sindikatuek –astelehenero lantegi aurrean elkartzen dira, eta hileko azken ostiraletan, plazan–. ELAk jakinarazi du afiliatuekin asanbladak egingo dituela egunotan, eta ez du baztertzen grebara jotzea. "Jakitun izan behar dugu guk baino ez ditugula defendatuko gure lanpostuak, eta hitzarmen duin bat edukitzeko borrokatuko dugu", esan du Gomezek. LABek azpimarratu du "hasieratik" erakutsi duen "negoziatzeko borondate berari" eutsiko diola, baina aurreratu du enpresak "proposamen duin bat" egin arte ez dela negoziatzen hasiko. "Eta enpresaren inhabilitazioak jarraitzen badu, mobilizazioak gogortuko ditugu".