Floreagako eta San Martingo hainbat kale norabide bakarreko bihurtzear dira

Ane Olaizola 2025ko ots. 25a, 10:31

San Martin auzoko Joakin Egia kalea. (Azkoitiko Udala)

Iazko aurrekontu parte hartzaileetan boto gehien jaso zuen aparkalekuak egokitzeko proiektuak, eta hango eskaerak gauzatuko ditu datozen egunetan udalak.

Aparkalekuak egokitzeko proiektuak jaso zuen boto gehien (%18) iaz egin zituzten aurrekontu parte hartzaileetan, eta herritarrek orduan eskatu zutenari erantzunez, hainbat esku hartze egingo ditu Azkoitiko Udalak datozen egunetan.

Aparkalekuak egokitzeko proiektu hark honako hiru proposamen hauek jasotzen zituen: Floreaga auzoko Aretxabaleta kalea noranzko bakarreko bihurtzea eta aparkalekuak margotzea; San Martin auzoko Nemesio Otaño, Balda eta Joakin Egia kaleak ere noranzko bakarrekoak izatea eta aparkalekuak margotzea; eta Oteiza Frontoietako frontoi luzea gauetan aparkaleku gisa erabili ahal izatea. Hori horrela, erakundea dagoeneko hasi da Floreagan aparkalekuak margotzen, eta aste honetan jarraituko dute horretan San Martinen ere.

Aparkalekuak margotzeaz gain, Floreaga auzoaren gainaldean dagoen Aretxabaleta kalea norabide bakarrekoa bihurtuko dute, eta gauza bera egingo dute San Martin auzoa behetik goraino zeharkatzen duten Joakin Egia, Balda eta Nemesio Otaño kaleetan ere. Kasu horretan, jaisteko norabidea hartuko du errepideak, eta beraz, ibilgailuek Beidazar kaletik gora joan behar izango dute auzorantzat. Aldaketekin, seinale bertikalak ere jarriko ditu udalak.

Proiektu horren barruan, Oteiza frontoietan gauez aparkatu ahal izatea ere eskatu zuten herritarrek, eta udalak abenduan baimendu zuen pilotalekurik luzeenean aparkatzea, ordutegi jakin baten barruan. Udalak azaldu duenez, ibilgailuak frontoira iristeko sarbidea egokitzeko dago, eta lan hori datozen egunetan gauzatuko du.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide