Azkoitiko Udalak jakinarazi ditu aurrekontu parte hartzaileetako emaitzak, eta bozketa fasea amaituta, erabakita geratu da zertara bideratuko dituzten aurtengo aurrekontuetan txertatu dituzten 100.000 euroak, behin-behinean behintzat. Herritarrek bost proiektu bozkatu ahal izan dituzte aurreko fasean, eta udalaren arabera, gehien eskatu dutena izan da herriko aparkalekuak egokitzea; bozka eman dutenen %18ak egin du horren alde; 450 boto jaso ditu guztira.
Aparkalekuak egokitzeko proiektuak honako hiru proposamen hauek jasotzen ditu: Floreaga auzoko Aretxabaleta kalea noranzko bakarreko bihurtzea eta aparkalekuak margotzea; San Martin auzoko Nemesio Otaño, Balda eta Joakin Egia kaleak ere noranzko bakarrekoak izatea eta "sortuko liratekeen aparkalekuak" margotzea; eta Oteiza Frontoietako frontoi luzea gauetan aparkaleku gisa erabili ahal izatea.
24.000 euroko aurrekontua du proiektu horrek, eta egitasmo bozkatuena izanik, udal aurrekontuetan txertatuko dutenetako bat izango da. Horrez gain, honako proiektu hauek jaso dituzte boto gehienak, hurrenez hurren: Elkarguneko Herriko Plaza aretoaren dinamizazioa (304 boto); Santa Klarako zubia irisgarriagoa izatea (261 boto); aulkiak eta mahaiak jartzea Oteiza frontoietan eta Trenbidearen Zumardian (242 boto); mendi ibilbideen seinalizazioa (227 boto); eta landare inbaditzaileen azterlana (132 boto). Proiektu horiek dira prozesuan aurrera egingo dutenak eta hasiera batean aurrekontuetan txertatuko dituztenak, baina udalak ohartarazi du aurrekontuak estimatuak direnez, zerrendak aldaketaren bat jasan dezakeela: "Azken proiektua kanpoan geratu daiteke, planta inbaditzaileen azterlana esaterako, edo kanpoan geratu den beste bat txertatu, pobreziaren azterketa, kasu".
Aparkalekuak egokitzea | 450 boto | 24.500 euro |
Elkarguneko Herriko Plaza aretoaren dinamizazioa | 304 boto | 10.000 euro |
Santa Klarako zubia irisgarriagoa | 261 boto | 17.000 euro |
Aulkiak eta mahaiak Oteiza frontoietan eta Trenbidearen Zumardian | 242 boto | 15.000 euro |
Kanpoko igerilekuetako berdegunea urte osoan zabalik | 229 boto | 18.000 euro |
Mendi ibilbideen seinalizazioa | 227 boto | 7.000 euro |
Landare inbaditzaileen azterlana | 132 boto | 11.000 euro |
Kontrara, honakoak dira boto gutxien jaso dituzten proiektuak, eta beraz, kanpoan geratuko direnak:
Pobreziaren azterketa herrian | 130 boto | 20.000 euro |
Hilkutxak jasotzeko makina hilerrirako |
127 boto | 30.000 euro |
Zamalanetarako gunea Goiko Kalean | 112 boto | 35.000 euro |
Iturria Zuazola kalean | 104 boto | 6.500 euro |
Baztartxo antzokiko atze-oihalaren motorra | 104 boto | 8.000 euro |
Lokal hutsetako erakusleihoetan biniloak | 83 boto | 12.000 euro |
587 herritarren botoak
Bozketa fasean 587 herritarrek bozkatu dute, eta partaide bakoitzak bost egitasmo aukeratzeko parada izan du. Ordea, denek ez dituzte bost bozkatu, eta ondorioz, guztira 2.505 aukeraketa egin dira. Udalak emandako datuen arabera, bozketan parte hartu dutenetatik 333 emakumeak izan dira, 252 gizonak, eta bitarra ez den bat. Adin tarteei dagokienez, 21 eta 30 urte artekoetan jaso da bozka gehien; 123, hain zuzen. Eta 81 eta 90 urtekoen artean gutxien; 4 partaide izan dira. Era berean, beste datu bat ere eman du: Elkarguneko Herriko plaza aretoa dinamizatzea, batez ere, 16 eta 20 adin tarteko gazteek bozkatu dute. Guztira, adin tarte horretako 48 lagunek parte hartu dute bozketan.