Inauteriak 2025

Badator urteko jairik koloretsuena

Andoni Elduaien 2025ko ots. 27a, 18:39

Talde bat, iaz, mozorrotuta. (Iraia Oteiza)

Bihar arratsaldetik aurrera kolorez jantziko da Azkoitia. Ostiralean, haurrek eta nerabeek protagonismo berezia izango dute. Zapatuan, berriz, inauterietako jai egun handia ospatuko dute azkoitiarrek.

Azkoitia urteko jairik koloretsuenean murgilduko da bihar. Herria bezain prest daude herritarrak festari ekiteko, azkoitiarrek kolorez jantziko baitute beste urte batez beren herria. Asko izango dira udalak antolatutako hitzorduen zain-zain egongo direnak, baina inauteriak bereziak dira herritarrek mozorroen itzalpean egin ohi dituzten ikuskizunengatik.

Urtez urte gero eta heldu gehiago mozorrotzen bada ere, ostiral arratsaldean ikastetxeek piztuko dute inauterietako sugarra herriko kaleetan barrena egingo duten desfilearekin. 15:45ean abiatuko dira ikastetxeen paretik eskoletako ordezkariak, eta Aizkibel kalean behera joanda, Plazaberrin elkartuko dira denak. Plazaberrin hasita, Balda plaza, Ibaiondo kalea eta eliz ataria zeharkatuko dituzte horiek guztiek musikak lagunduta, eta eskolara itzulita amaituko dute kalejira. Txirrina jo aurretik, gainera, udalak emandako merienda eskainiko dute ikastetxeetan.

17:15ean hasiko da Oihan Vega DJaren emanaldia herriko plazan. Euria egiten badu, Gurea pilotalekura lekualdatuko dute Gaztea irratiko musika jartzailearen emanaldia. Elkargunean ere musikaren bueltan egingo dute festa; izan ere, Artxamendi topalekuak 12-17 urte bitarteko gaztetxoentzako inauterietako mozorro festa egingo du han 21:30etik 23:30era bitartean, eta DJ Xabi Fest azkoitiarra ariko da festarako musika jartzen. Jaian parte hartzeko aretora mozorrotuta joatea nahikoa izango da. Gainera, sariak banatuko dituzte.

Jai handia, zapatuan

Zapatuan eguerditik aurrera hasiko da herria festarako girotzen; orduan ikusi ahalko dira herritarrek larunbateko hitzordu handirako prestatutako mozorroak. 12:00etatatik bazkalordura arte kalejirak egingo dituzte Txalkor txistulari taldeak, musika bandak, Bizkargi musika eskolak eta UK03 txarangak.

Arratsaldea ere txarangaren doinuetara hasiko dira gozatzen herritarrak (17:30), baina plazan ere eguneko aurreneko dantzaldia eskainiko du Joselu Anaiak taldeak; 18:00etatik 21:00etara bitartean entzun ahalko dira musika talde horren doinuak. Udalak antolatutako mozorro lehiaketa ere izango da, eta han izena emandakoek 19:30etik 20:30era Plazaberritik igaro beharko dute, mozorroak epaimahaiak azter ditzan. Era berean, tabernetatik ere igaroko da epaimahaia 19:00etatik aurrera, ondoen apainduta dagoena zein den zehaztera. Bihar, ostirala, amaituko da lehiaketan parte hartzeko izen-emate epea.

Joselu Anaiaken etenaldiarekin bate hasiko dute plazako oholtzan mozorro lehiaketaren sari banaketa ekitaldia. Udalak bi kategoriatan banatuko du taldekako mozorro lehiaketa. Batetik, sei lagunera arteko hiru talde txiki sarituko ditu, eta horiek, hurrenez hurren, 300, 200 edo 150 euroko diru-saria jasoko dute. Sei lagunetik gorako talde guztiak, berriz, talde handien lehiaketan ariko dira, eta erakundeak beste hiru talde sarituko ditu, horiei 600, 500 eta 400 euroko sariak emanez. Aldiz, ondoen apaindutako tabernak 200 euroko saria jasoko du. Sari banaketa amaitzean, Joselu Anaiak taldeak eguneko bigarren emanaldia eskainiko du.

Eliz atarian, berriz, prebentziora zuzendutako postuak izango dira. Batetik, indarkeria matxistarik gabeko gunea ipiniko dute 20:30etik 23:30era; informazioa eta aholkularitza eskainiko dute bertan. Bestetik, 23:00etatik igandeko 02:00etara, alkoholaren eta beste drogen kontsumoak eragiten dituen arriskuak prebenitzeko eta murrizteko zerbitzua eskainiko dute.

Egitaraua, osorik

Ostirala
  • 15:45. ikastetxeetako umeen kalejira.
  • 17:15. Oihan Vega DJaren emanaldia herriko plazan.
  • 21:30-23:30. 12-17 urtekoentzako mozorro festa, Elkargunean. Xabi Fest DJak girotuko du gaua.
Zapatua
  • 12:00. Txalkor txistulari taldearen kalejira.
  • 12:30. Musika bandaren eta Bizkargi musika eskolaren kalejira.
  • 12:30. UK03 txarangaren kalejira.
  • 17:30. UK03 txarangaren kalejira.
  • 18:00-21:00. Joselu Anaiak taldearekin dantzaldia, herriko plazan.
  • 21:00. Mozorro lehiaketako sari banaketa ekitaldia, herriko plazan.
  • 20:30-23:30. Indarkeria matxistarik gabeko gunea, eliz atarian.
  • 22:30-00:00. Joselu Anaiak taldearekin dantzaldia, herriko plazan.
  • 23:00-02:00. Alkoholaren eta beste drogen kontsumoak eragiten dituen arriskuak prebenitzeko eta murrizteko zerbitzua, eliz atarian.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide