Inauteriak 2025

Eman daiteke izena udalak antolatutako inauterietako mozorro lehiaketan

Andoni Elduaien 2025ko ots. 10a, 14:50

Talde bat, iazko mozorroen festan. (Iraia Oteiza)

Taldeentzako mozorro lehiaketan eta ondoen apaindutako tabernentzako lehiaketan izena eman nahi dutenek otsailaren 28ra arteko epea izango dute; horiek udaletxeko Herritarren Arreta Bulegoan eman beharko dute izena. Udalak sei talde sarituko ditu, baita ondoen apaindutako taberna bat ere.

Asteak, egunak besterik ez dira falta inauterietarako, eta Azkoitiko Udalak gaur, astelehena, zabaldu du martxoaren 1ean egingo duten mozorro lehiaketetarako izen-emate epea. Beste urte batez, erakundeak sei talde eta ondoen apaindutako taberna bat sarituko ditu aurtengo inauterietan. Lehiaketan parte hartzeko, hilaren 28ra arte egongo da izena emateko aukera udaletxeko Herritarren Arreta Bulegoan, 07:30etik 15:30era bitartean.

Mozorro lehiaketan parte hartzen dutenek Plazaberritik —Kale Nagusia 104 zenbaki paretik— igaro beharko dute martxoaren 1ean, 19:30etik 20:30era bitartean; izan ere, udaletxeko kideek osatuko duten epaimahaia tarte horretan aterako da kalera lehiaketara aurkeztutako taldeen mozorroak nahiz haien ikuskizunak baloratzera. Era berean, tabernetatik ere igaroko da epaimahaia 19:00etatik aurrera, ondoen apainduta dagoena zein den zehaztera.

Beste behin, udalak bi kategoriatan banatuko du mozorro lehiaketa. Batetik, sei lagunera arteko hiru talde txiki sarituko ditu, eta horiek, hurrenez hurren, 300, 200 edo 150 euroko diru-saria jasoko dute. Sei lagunetik gorako talde guztiak, berriz, talde handien lehiaketara aurkeztuko dira, eta erakundeak beste hiru talde sarituko ditu, horiei 600, 500 eta 400 euroko sariak emanez. Aldiz, ondoen apaindutako tabernak 200 euroko saria jasoko du.

Sari banaketa 21:00etan egingo dute herriko plazako oholtzan, eta udalak gogorarazi du lehiaketan parte hartzeko 16 urte edo gehiago behar direla.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide