Azkoitiko Udalak gaur arratsaldean banatuko ditu Bizenta Mogel ipuin lehiaketaren sariak; udaletxeko bilkura aretoa nagusian egingo dute ekitaldia, 19:00etan hasita. Dagoeneko ezagunak dira gaur saria jasoko dutenen izenak; izan ere, udalak hilaren hasieran jakinarazi zituen irabazleak. Noiz edo noiz sariren bat eskuratu duten idazleak izango dira gaurko arratsaldean ere protagonista.
Sari nagusia Jon Joseba Aizpurua zumaiarrak irabazi du, Tai-Sabaki lanarengatik. Iraitz Legarra markinarrak eskuratu du bigarren saria, Bihotz erien museoa ipuinari esker, eta hirugarren saria, Juan Ramon Alberdi azkoitiarrak jasoko du. Azkoitia Guka aldizkarian kolaboratzaile denak Etsipenaren lantua lanari esker jasoko du aurten saria. Epaimahaiak hala erabakita, gainera, aipamen berezia jasoko du Juanma Gallego lapueblarrak.
Aurtengoa 43. edizioa izan da, eta 31 lan aurkeztu dira, iaz baino bost gehiago. Yolanda Larrañagak, Iñigo Antsorregik eta Juan Luis Zabalak osatu dute epaimahaia. Arratsaldeko ekitaldia irekia izango da, eta beraz, herritar orok izango du ekitaldira joateko aukera.