Jon Joseba Aizpuruak irabazi du Bizenta Mogel ipuin lehiaketa

Ane Olaizola 2025ko ots. 5a, 14:31

Iazko irabazle Iraitz Legarrak bigarren saria eskuratu du, eta hirugarren saria etxean geratu da, Juan Ramon Alberdi azkoitiarrak jasoko baitu. Hilaren 21ean izango da sari banaketa ekitaldia.

Jon Joseba Aizpurua zumaiarrak irabazi du Bizenta Mogel ipuin lehiaketaren aurtengo aldia, haren antolatzaile den Azkoitiko Udalak jakinarazi duenez. Aizpuruak Tai-Sabaki lanarengatik eskuratu du sari nagusia, eta ondorengo bi sarien berri ere eman du: Iraitz Legarra markinarrak bigarren saria eskuratu du Bihotz erien museoa ipuinari esker, eta hirugarren saria Juan Ramon Alberdi azkoitiarrarentzat izango da; Azkoitia-Guka aldizkarian kolaboratzaile denak Etsipenaren lantua lanari esker jasoko du orangoan saria. Era berean, udalak jakinarazi du aurten aipamen berezia jasoko duela Juanma Gallego lapueblarrak, epaimahaiak hala erabakita.

Hain zuzen, hiru saridunek ondo baino hobeto ezagutzen dute Bizenta Mogel ipuin lehiaketa, hirurak inoiz sariren bat eskuratukoak baitira: Legarra iazko irabazlea izan zen, baita 2016 eta 2017koa ere. Alberdik ere urte askoan parte hartu izan du ipuin lehiaketan, eta bi sari zituen irabazita orain arte; 2019an hirugarren saria jaso zuen, eta 2020an, bigarrena. Aurtengo irabazle Joseba Aizpuruak, berriz, hirugarrena saria jaso zuen iaz. 

Aurtengo edizioa 43.a izan da, eta antolatzaileen arabera, 31 lan aurkeztu dira aurten; iaz baino bost gehiago. Epaimahaia, berriz, Yolanda Larrañagak, Iñigo Ansorregik eta Juan Luis Zabalak osatu dute.

Udalak hilaren 21ean, ostiralez, banatuko ditu sariak, 19:00etan udaletxean egingo duten ekitaldi irekian. Ekitaldia irekia izango da, eta antolatzaileek herritar guztiak gonbidatu ditu hara.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide