Inauteriak 2025

Prest da bi eguneko mozorro jairako egitaraua

Andoni Elduaien 2025ko ots. 20a, 09:21

Talde bateko kideak, iaz, dantza erakustaldi bat eskaintzen. (Iraia Oteiza)

Udalak gaur kaleratu du karnabaletako egitaraua. Ostiralean, haurrei eta gaztetxoei zuzendutako festa izango da herrian. Zapatuan, berriz, inauterietako egun handia ospatuko dute azkoitiarrek, ordurako prestatutako mozorro eta karrozak kalera aterata.

Astebete eskas gelditzen da karnabaletarako. Gainean dira urteko aurreneko festak Azkoitian. Askok prest izango dituzte honezkero mozorroak, eta beste asko buruan duten ideia gauzatzen ahaleginduko dira azken egunetan. Bi eguneko mozorro festa izango da aurtengoa ere, udalak gaur kaleratu duen egitaraua hilaren 28ra eta martxoaren 1era baitago bideratuta.

Azkoitiko kaleak mozorroz, musikaz, eta nola ez, umorez beteko dira beste behin. Inauteriei ongietorria, ohi bezala, ikastetxeek emango diete; izan ere, ostiralean kalejira egingo dute 15:45ean hasita. Udalak eman du kalejira horren ibilbidearen berri: ikastetxeen paretik abiatuko dira ikasleak, irakasleak eta begiraleak, eta handik Aizkibel kalean behera jaitsiko dira. Plazaberri zeharkatuko dute gero, harik eta Balda plazara iritsi arte. Han Ibaiondo kalerako bidea hartuko dute zubia gurutzatuta, eta Ibaiondo kaletik eliz atari aurreko biribilgune pareraino joango dira, handik eliz atarira zuzentzeko. Desfilea amaitutakoan, gainera, udalak emandako merienda eskainiko dute ikastetxeetan.

17:15ean hasiko da Oihan Vega DJaren emanaldia herriko plazan. Udalak azaldu du, ordea, euria egingo balu Gurea pilotalekura lekualdatuko dutela Gaztea irratiko musika jartzailearen emanaldia. Gauean ere izango da festarik. 21:30etik 23:30era bitartean, Artxamendi topalekuak inauterietako mozorro festa egingo du aurten ere Elkargunean 12-17 urte bitarteko gaztetxoentzat. Jaian parte hartzeko ez da izenik eman beharko; aretora mozorrotuta joatea aski izango da. Gainera, sariak banatuko dituzte han: banakako nahiz taldekako mozorrorik onena sarituko dituzte, baita giro onena jartzen duena mozorroa ere. Musika jartzeaz, berriz, DJ Xabi Fest azkoitiarra arduratuko da.

Zapatuan, egun handia

Martxoaren lehen egunarekin iritsiko da inauterietako egun potoloa herrira. Azkoitiarrek egun horretarako prestatutako mozorroak aterako dituzte kalera orduan, izan taldeka edo banaka. Musika ere, ordea, eguneko protagonista izango da. Herriko musika taldeak kalerik kale ibiliko dira herria girotzen, hala nola Txalkor txistulari taldea, musika banda eta Bizkargi musika eskolako ikasleak. UK03 txaranga ere izango da aurten; Urola Kostako musikariek osatutako txaranga eguerdi partean eta arratsaldean ibiliko da kalerik kale.

18:30ean, honezkero zientoka dantzaldi eskaini dituzten Joselu Anaiak taldearen kontzertua izango da herriko plazan. Udalak antolatutako mozorro lehiaketa ere izango da, eta han izena emandakoek 19:30etik 20:30era Plazaberritik igaro beharko dute, mozorroak epaimahaiak azter ditzan. Era berean, tabernetatik ere igaroko da epaimahaia 19:00etatik aurrera, ondoen apainduta dagoena zein den zehaztera. Mozorro lehiaketaren sari banaketa ekitaldia 21:00etan egingo dute plazako oholtzan, eta hura amaitu bezain laster, Joselu Anaiak taldeak eguneko bigarren emanaldia eskainiko du gauerdira bitartean.

Prebentzio postuak

Bestalde, udaleko Berdintasun sailak antolatuta, prebentziora bideratutako postuak jarriko dituzte eliz atarian. Batetik, indarkeria matxistarik gabeko gunea ipiniko dute 20:30etik 23:30era; informazioa eta aholkularitza eskainiko dute bertan. Bestetik, 23:00etatik igandeko 02:00etara, alkoholaren eta beste drogen kontsumoak eragiten dituen arriskuak prebenitzeko eta murrizteko zerbitzua eskainiko dute.

Egitaraua, osorik

Ostirala
  • 15:45. ikastetxeetako umeen kalejira.
  • 17:15. Oihan Vega DJaren emanaldia herriko plazan.
  • 21:30-23:30. 12-17 urtekoentzako mozorro festa, Elkargunean. Xabi Fest DJak girotuko du gaua.
Zapatua
  • 12:00. Txalkor txistulari taldearen kalejira.
  • 12:30. Musika bandaren eta Bizkargi musika eskolaren kalejira.
  • 12:30. UK03 txarangaren kalejira.
  • 17:30. UK03 txarangaren kalejira.
  • 18:00-21:00. Joselu Anaiak taldearen dantzaldia, herriko plazan.
  • 21:00. Mozorro lehiaketako sari banaketa ekitaldia, herriko plazan.
  • 20:30-23:30. Indarkeria matxistarik gabeko gunea, eliz atarian.
  • 22:30-00:00. Joselu Anaiak taldearen dantzaldia, herriko plazan.
  • 23:00-02:00. Alkoholaren eta beste drogen kontsumoak eragiten dituen arriskuak prebenitzeko eta murrizteko zerbitzua.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide