Sidenorreko langileak kalera atera dira beste behin, baina plazan egindako elkarretaratzeekin alderatuta, zaratatsua izan da gaur egindako protesta. ELA eta LAB sindikatuek deituta, auto karabana egin dute hiru orduz Azkoitia osoan zehar. Lidl supermerkatuaren paretik abiatu dira dozenaka auto 12:00etan, eta etenik gabeko bozina hotsekin industrialdeak, kaleak eta auzoak zeharkatu dituzte 15:00etara bitartean.
Lan gatazka betean daude sartuta Sidenorreko langileak. Urtebete baino gehiagoz dute iraungita enpresa hitzarmena Sidenorren, baina hura berritzeko lehen proposamena egina dio Sidenorren zuzendaritzak langile batzordeari. Hilaren 4an, negoziazio mahaia desblokea dezakeen bere plataforma Precon aurkeztu zuen Sidenorrek, eta Lan Harremanen Kontseiluak kudeatzen duen gatazka kolektiboen ebazpenerako organo horretan izan zen langileen taldea ere. Hilaren 7an, berriz, altzairugintza industriako taldeak Azkoitiko lantegian bertan aurkeztu zien beharginei proposamena. Bederatzi urte iraungo lukeen lan hitzarmena jarri zien mahai gainean langileei, baina ELA eta LAB sindikatuen ustez, "onartezina" da egin dieten eskaintza.
Hitzarmenaren berritzeaz gain, langileen lan jardunean zuzenean eragiten duen beste gatazka batean murgilduta ere badaude Sidenorren, iazko apiriletik aldi baterako lan erregulazio espedientea baitute ezarrita. Hain zuzen, espediente hori bertan behera uztea eta lan hitzarmen duin bat eskatzeko egin dute gaurko mobilizazioa ere.
Bilera bihar udalarekin
Bestalde, bihar, osteguna, Sidenorreko batzordeko delegatuek eta Azkoitiko Udalean ordezkaritza duen alderdietako ordezkariek bilera egingo dute udaletxean. Bizi duten lan gatazkaren berri ematea izango da bileraren asmoa. ELAk eta LABek adierazi dutenez, sindikatu guztietako ordezkariek erakutsi dute biharko bileran parte hartzeko asmoa.