Erakusketa zabaldu zenuen joan den asteburuan. Nola joan dira lehen egunak?
Larunbatean inauguratu genuen, eta hemen [Etxebeltz] izan nintzen orduan. Igande goizean arazotxo bat izan nuen, eta ezin izan nuen bertaratu. Dena den, jendea oso gustura atera zen erakusketatik; kanpotik etorri ziren asko, hala nola Irundik, Iruñetik, Zumarragatik, Arrasatetik, Donostiatik... Oso harrera ona egin zion jendeak nire erakusketari, eta uste dut pixka bat harrituta ere atera zirela Etxebeltzetik nire margolanen gaiengatik; izan ere, lan desberdin asko ari naiz erakusten.
Hain justu, Etxebeltzera sartu eta aurreneko inpresioa hori da: lanak askotarikoak direla.
Nik ez daukat estilo bakar bat. Nonbaitera joan eta leku edota txoko bereziren bat ikusten badut, hari argazkia ateratzen diot, eta gero, handik sortzen dut margolana. Batzuek beti antzerako lanak egiten dituzte, baina nik sormenari ematen diot bidea lanak ontzerakoan.
Nire margolanak sare sozialetan argitaratzen ditut, eta Donostian dudan lagun bat zer lan erakutsiko zain-zain egoten da; esaten dit hurrengoa zer izango den jakiteko irrikitan egoten dela. Behin, esaterako, Rosalia abeslariaren margolanaren argazkia igo nuen, eta hurrengoan, antxoak agertzen diren beste bat –Etxebeltzen ikus daitezke biak–; izan ere, arrandegira joan nintzen batean arrandegikoak antxoa kaxa bat atera zuen mahai gainera, eta nik segituan argazkia egin nion.
"Etxebeltzeko erakusketa nire osaba Xanti zenaren omenez ere bada"
Momentuan edota egunerokoan suertatzen diren egoerak eramaten dituzu koadroetara, beraz.
Bai eta ez, baina gehienak dira nik ateratako argazkietan oinarrituta egindakoak. Gainera, horiek dira nagusi Etxebeltzeko erakusketan; esaterako, Milanen kalean musika jotzen ari zen japoniar baten irudia, Londresko zaldi gaineko guardiarena, Milango azoka batean Tokiok zuen erakusmahai batean ateratako robot itxurako andere batena, Altsasuko inauterietako momotxorroarena... Ordea, badira Azkoitiari lotutakoak ere: Aste Santuko Veronica-ren aurpegiarena, parrokia eta San Martingo ermita agertzen direna, parrokiako aingeruetako batena...
Batik bat, sarrerako koadroei begiratuz gero, nabaria da kolore indartsuen presentzia.
Asko gustatzen zait kolore zuria eta beltza nahastea, are gehiago kolore gorriarekin. Oso estetikoa iruditzen zait nahasketa hori.
Lanen artean ba al dago inolako loturarik?
Ezetz esango nuke. Gainera, ez dut inolako helbururik nire lanekin, jubilatuta nago eta. Betidanik gustatu izan zait margotzea, baina lan egiten nuen garaian, ez nuen denborarik izaten horretarako. Lanera joateari utzi nionean, ordea, margotzen hastea erabaki nuen; nahi nuen. Pixkanaka-pixkanaka joan nintzen denak egiten, eta lan horiek dendan pilatzen hasi nintzen.
"Erakusketa Azkoitian zabaltzea nahi nuen, eta ahal bazen, Etxebeltzen"
Lanen sinaduretako datei begiratuta, azken urteetakoak direla ikus daiteke. Noiz egindakoak dira?
2021ean hasi nintzen lan hauek guztiak margotzen, erretiroa hartzekotan bainintzen ordurako. Oro har, azken hiru urteetan egindako lanak dira Etxebeltzekoak.
Zure jaioterrian eta Etxebeltzen jarri duzu erakusketa. Zerk eraman zaitu horretara?
Margolan guztiak dendan nituen, eta hara joaten zirenek beti animatzen ninduten erakusketa bat zabaltzera. Baina nik zera nahi nuen: erakusketa Azkoitian zabaltzea, eta ahal bazen, Etxebeltzen. Horretarako, lan gehiago ondu nituen, eta gero, udalarekin jarri nintzen harremanetan. Udalak Portaleburun egiteko aukera eskaini zidan aurrena, baina nire lanak neurri handikoak direnez, leku handiagoa behar nuela esan nien. Orduan suertatu zen Etxebeltzen erakusteko aukera. Betidanik gustatu izan zait areto hau horretarako, aproposa dela iruditzen zait eta.
Lehen asteburuan Etxebeltz bisitatu ez duenak, zergatik bisitatu beharko luke bigarrenean?
Ikusteko, eta, batik bat, egiten ditudan erokeriak zein diren ezagutzeko (kar, kar, kar). Ez naiz margolaria, ez dut inon ikasi hau; txikitako nire afizioa besterik ez da. Osaba Xanti Sasieta Xardo zena ere artista zen, eta gogoan dut haurra nintzela olio-pinturen kaxa bat oparitu zidala hark. Hari esker hasi nintzen ni ere margotzen, hark irakatsi zidan honetan, eta erakusketa hau haren omenez ere bada.
Bien bitartean, margotzen jarraitzen al duzu?
Bai, bai, noski. Niretzat margotzea erlaxatzeko modu bat da.
"Sormenari ematen diot bidea nire margolanak ontzeko orduan"
Eta ari al zara une honetan zerbait egiten?
Sakelako telefonoan ditut neuk ateratako argazki pila bat, eta orain, Florentzian kalean margotzen ari zen artista baten margolana egiteko asmoa dut. Argazki horretan gizon bat ageri da, Gioconda baten irudia eskuetan duela. Hori da nire hurrengo erronka.
Aurrera begira, proiekturik ba al duzu esku artean?
Lanak Tabakaleran erakustea gustatuko litzaidake, baina hitz handiak dira horiek. Nolanahi ere, leku guztietan ematen dut nire lanen berri, baita Madrilen ere; nork daki zer erantzun emango duten...
Erakusketaren ordutegia
Gaur, osteguna, eta bihar, ostirala, 18:00etatik 20:00etara zabalduko dituzte Etxebeltzeko ateak; etzi, zapatua, 12:00etatik 14:00etara eta 18:00etatik 20:00etara irekiko dute aretoa; eta azkenik, igandean, 12:00etatik 14:00etara.