ELA eta LAB sindikatuek deituta, elkarretaratzea egingo dute ostiralean Sidenorreko langileei babesa adierazteko. 18:00etarako jarri dute hitzordua, herriko plazan, Azkoitiko lantegian duten aldi baterako lan erregulazio espedientea indargabetzea eskatzeko eta lan hitzarmenaren negoziazioaren blokeoa salatzeko.
2023ko abenduan iraungi zen Sidenorren lan hitzarmena, eta sindikatuek salatu dute hura berritzeko negoziaketa "baldintzatu" nahi duela enpresak lan erregulazio espedientearekin. Bi sindikatuak hitzarmena negoziatu ahal izateko sindikatu guztien arteko plataforma osatzen saiatu ziren; hainbatetan elkartu badira ere, adierazi dute azken bi hilabeteetan zuzendaritzak bilerarik ez duela deitu, eta horrenbestez, egoerak "blokeatuta" jarraitzen duela. "Abenduan bilduko ginela espero genuen, baina enpresak ez du bilerarik deitzen, eta ez du proposamenik aurkezten", azaldu dute.
2024ko apirilean itxi zuten aldi baterako lan erregulazio espedientea ezartzeko akordioa Azkoitiko lantegian, baina zuzendaritzak hura indarrean jartzeko, Azkoitiko lantegia eta Reinosakoa (Kantabria) uztartu zituen. Azkoitiko 312 langilek —2024ko abenduko datua da— lan erregulazio espedientean jarraitzen dute, eta mobilizazioaren deitzaileen arabera, batez beste %21eko espedientea ezarri zaie horiei. Reinosan, berriz, neurri hori ezarri gabe jarraitzen dute, gaur-gaurkoz.