Salgai daude Aste Santura arteko antzezlanetarako eta ikuskizunetarako sarrerak

Andoni Elduaien 2025ko urt. 21a, 10:11

'MiƱan' antzezlana emango dute Aste Santua baino lehen. (Artedrama)

Entradium atarian eros daitezke datozen hilabeteetan Baztartxo antzokian eskainiko dituzten antzezlanak eta ikuskizunak ikusi ahal izateko sarrerak. Jon Maiaren aste honetako kontzertuaren ondoren, Arizona eta Miñan antzezlanak, Go!azen 11 ikuskizuna eta Generorantz zein Leinu ikuskizunak emango dituzte Baztartxon.

Udaleko Kultura sailak salgai jarri ditu Aste Santura bitartean Baztartxo antzokian eskainiko dituzten antzezlanak eta ikuskizunak ikusteko sarrerak. Entradium atari digitalean eskuratu daitezke emanaldi horiek guztietarako sarrerak, 8 eta 10 euro artean. Jon Maia abeslariak eta bertsolariak Kantu berri bat gara lana aurkeztuko du zapatuan, 19:00etan, eta haren ondotik askotariko emanaldiak izango dira herriko antzokian, tartean antzezlanak, ikuskizunak eta zirku emanaldiak.

Otsailean, Txalo Produkzioak konpainiaren Arizona antzezlana emango dute batetik, eta bestetik, Go!azen 11 ikuskizuna. Antzezlana 19:00etan hasiko da, eta bi ordu desberdinetan emango dute haurrei zein familiei zuzendutako ikuskizuna: aurreneko emanaldia 16:00etan izango da, eta bigarrena, 18:30ean.

Martxoan ere beste bi emanaldi izango dira. Hilaren 8an, Kimua dantza kolektiboak Generorantz ikuskizuna taularatuko du Baztartxon, eta hilaren 22an, Berdinki zirku garaikide kolektiboaren Leinu lana ikusi ahal izango da; bi emanaldiak 19:00etan hasiko dira. Apirilaren 5ean, azkenik, Artedrama arte eszenikoen plataformak Miñan antzezlana aurkeztuko du, ordu berean.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide