Jon Maiak Kantu berri bat gara disko-liburua aurkeztuko du datorren zapatuan Azkoitiko Baztartxo antzokian, 19:00etan hasita, eta hara joateko sarrerak eros daitezke aurrez www.entradium.com atarian.
Maiak duela lau urte sortu zuen Kantu bat gara, azken 30 urteetan idatzi dituen kantuen antologia, eta haren ondotik ondu du hark larunbatean Azkoitian taularatuko duen lana. Gainera, hainbat kolaboratzaileren laguntza izan du artistak disko-liburua osatzeko, hala nola Itziar Ituño, Olaia Intziarte, Maddalen Arzallus eta Luis Pastorrena. Horrez gain, Silvio Rodriguez musikari entzutetsuak ere parte hartu du proiektuan, eta kubatarrak Nostaldia abestia euskaraz abestu du zumaiarrarekin batera.
Hain zuzen, abesti berriak zein Negu Gorriak, Gozategi, Gari eta Pello Reparazen bertsio batzuk entzun ahal izango dira larunbateko emanaldian. Antolatzaileen arabera, kontzertu baten ohiko egituratik harago doaz Maiaren emanaldiak, proiekzioekin, kolaborazio bereziekin, inprobisazioarekin eta ezusteko ugarirekin osatzen dituelako hark ikuskizunak. Azkoitiko kontzertuan, ohiko musikariak izango ditu ondoan: Gorka Hermosa (akordeoia), Pello Ramirez (Txeloa), Nacho Soto (pianoa eta sintetizadorea) eta Nerea Quincoces (perkusioak eta ahotsa).
Sarrerak zozketan
Azkoitiko Kultura sailaren eskutik, bestalde, bi sarrera bikoitz zozkatuko ditu Azkoitia Gukak bazkideen artean. Azkoitia Gukaren webguneko galdetegia beteta edo 943-56 01 64 telefono zenbakian eman daiteke izena, 23 zenbaki kodea erabilita. Bihar eguerdira artean eman daiteke izena zozketan.