Azkoitia eta Aizpurutxo arteko bidegorri zatia itxita, artapen lanengatik

Ane Olaizola 2025ko urt. 16a, 09:28

Astelehenaz geroztik, itxita dago bidegorri zatia zenbait ordutan. Bihar ere itxi egingo dute, baita hurrengo astean ere.

Gipuzkoako Foru Aldundia artapen lanak egiten ari da Azkoitia eta Urretxu-Zumarraga arteko bidegorrian, eta horren ondorioz, Azkoitia eta Aizpurutxo arteko zatia itxita dago astelehenaz geroztik. Hain zuzen, 08:00etatik 15:00etara artean ari dira mozten bidegorri zati hori, eta arratsaldetan erabilgarri dago.

Asteburuan ere zabalik izango da Azkoitia eta Aizpurutxo arteko bidegorri zatia, baina astelehenean, hilaren 20an, berriz itxiko dute ordutegi horretan, ostiralera bitartean.

Mandabietan ere, itxita

Horrez gain, bidegorriak itxita jarraitzen du Aizpurutxo parean, iazko otsail bukaeran izandako luizi handi baten ondorioz. Orduan, euriteek 20 metroko luzera eta 15 metroko altuerako lur jausia eragin zuten Mandabietako tuneletik gertu. Itxierak luze joko zuela adierazi zuen aldundiak, estabilizazio lan garrantzitsua egin behar delako han. Egun, azterketa lanetan ari da erakundea, ea oraingoz ez du zehaztu noiz hasiko dituen obrak. Bien bitartean, erabiltzaile batzuek, gerora, bidezidorra ireki zuten luizia saihesteko, itxita dagoen bidegorri zatiaren paraleloan.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide