Ipiñarrietaren idiak nagusi, Lopategiren aurkako apustuan

Andoni Elduaien 2025ko urt. 7a, 11:13

Ipiñarrietaren idiak, Gurea probalekuan. (A. Aizpurua)

44 plaza egin zituen Urretxuko (Gipuzkoa) idi pareak, eta lau plaza eskas gutxiago Birlekoak (Bizkaia). Hori horrela, Ipiñarrietak irabazi ditu jokoan zeuden 4.000 euroak. Zapatuan bezala, atzo ere jendetza joan zen Gurea probalekura dema ikustera.

Atzo, Errege Egunez, idi apustua jokatu zuten Gureako probalekuan. Urretxuko (Gipuzkoa) Ipiñarrieta eta Birleko (Bizkaia) Iñaki Lopategi aritu ziren nor baino nor gehiago, eta azkenean, Urretxuko iri parea nagusitu zen, Birlekoak baino lau plaza eskas gehiago eginda. Zapatuko zaldi apustuan bezala, atzo ere jendetza joan zen apustua ikustera Gureara.

Ipintza harria hartuta, 30 minutuz ahalik eta plaza gehien egitera plazaratu ziren bi etxeetako idiak; izan ere, 4.000 euro zituzten jokoan. Baldintza gisa hitzartu bezala, Lopategiren idi parea atera zen aurrena plazara, eta etxe horretako idiek 39 plaza, lau zinta eta 3,70 metro egin zituzten, Alegria eta Tubilla itzainek lagunduta. Urretxuko idiak atera zituzten gero probalekura, eta horiek 44 plaza justu egin zituzten, Urrutia eta Eizagirre itzainekin. Hori horrela, urretxuarrek irabazi zuten jokoan zuten dirua.

Animalien pisaketak goizean egin zituzten. 1.140 kilotik gorako kilo bakoitzeko, kilo eta erdiko gainzama erantsi zioten Ipintza harriari. Hori horrela, Ipiñarrietaren idiak 51 kiloko gainkargarekin aritu ziren, eta 57 kiloko gainkargarekin Lopategirenak.

Ipiñarrietaren idiak atsedena hartzen. (A. Aizpurua)

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide