Atzo arratsaldean sekulako ikusmina sortu zuen Gurea pilotalekuko probalekuan jokatu zuten zaldi apustuak. Ehunka lagunen begiradapean, Markiña-Xemeingo (Bizkaia) Gaztiñeiren eta Oiartzungo (Gipuzkoa) Mixiyuaren animaliak nor baino nor aritu ziren Balda harriari eta beste 100 kilori tiraka. 30 minutuan ahalik eta plaza gehien egitea zuten helburu, jokoan zeuden 3.000 euroak poltsikoratzeko, eta lanak txukun eginda, Gaztiñeik lortu zuen hori. Hain zuzen ere, ordu erdian 66 plaza, lau zinta, metro bat eta 55 zentimetro egin zituen haren zaldiak.
Mixiyuarentzat, ostera, ez zen arratsalderik onena izan, lan erdiak pasatxo eginda zituenean, zaldiak perra bota eta proba utzi egin behar izan baitzuen.
Bihar, idi apustua
Bihar, berriz, idi apustua jokatuko dute toki berean. Hain zuzen ere, Urretxuko Ipiñarrietarena izango da idi pare bat, eta Birleko (Bizkaia) Lopategirena bestea. Ipintza harria hartuta 30 minutuz plazarik gehien egiten dituenarentzat izango dira jokoan egongo diren 4.000 euroak. Pisaketak astelehenean bertan egingo dituzte, 09:00etan, eta 1.140 kilotik gorako kilo bakoitzeko, kilo eta erdiko gainzama erantsiko diote Ipintza harriari. Baldintza gisa hitzartuta dutenez, Lopategiren idi parea izango da plazara ateratzen aurrena, eta zaldi apustuan bezalaxe, Gipuzkoako Herri Kirol Federazioak egingo ditu epaile lanak.