Artearen hazia ereiteko asmoz, ArtHaziak ikus-entzunezko saioa estreinatu zuen Gukak Pazko Astean, eta orain, Gabonetako oporraldian, berriz heldu dio proiektuari. Eskulanen saioa da ArtHaziak, Mireia Galarza Bastidak aurkezten du, eta bost saiotan, bost eskulan egingo ditu guztira, urratsez urrats eta modu errazean. Gaurkoan, Gabonetako oporraldirako prestatutako laugarren saioan, gonbidatu berezi baten laguntza izango du gainera; Laia Eizagirrerena, hain zuzen.
Arthaziak-en orain arteko atalak Gukaren webguneetan saioak duen atal berezian daude ikusgai beste hainbat denbora-pasarekin batera. Gabonetako bosgarren eta azken atala, berriz, bihar emango dute Guka Telebistan, 11:00etan, eta baita Gukaren webgune guztietan ere.