Artearen hazia ereiteko asmoz, ArtHaziak ikus-entzunezko saioa estreinatu zuen Gukak Pazko Astean, eta orain, Gabonetako oporraldian, berriz heldu dio proiektuari. Eskulanen saioa da ArtHaziak, Mireia Galarza Bastidak aurkezten du, eta bost saiotan, bost eskulan egingo ditu, urratsez urrats eta modu errazean.
Atzotik ikusgai da Gabonetako oporraldirako prestatutako lehen saioa; bigarrena honako hau da; eta abenduaren 30ean eta urtarrilaren 2an eta 3an ikusi ahal izango dira gainontzekoak Guka Telebistan, 11:00etan, eta baita Gukaren webgune guztietan ere. Gainera, webguneetan atal berezia izango du ArtHaziak-ek, eta atal horretan, saioa nahieran ikusteko aukeraz gain, beste hainbat denbora-pasa ere egongo dira eskuragai.