Udal aurrekontuak eta HAPOa eztabaidagai, biharko ezohiko udalbatzarrean

Andoni Elduaien 2024ko abe. 18a, 10:46

Udaletxeko bilkura areto nagusiko mahaia.

Datorren urteko kontuez gain, Azkoitiko Hirigintza Antolamenduko Plan Orokorra (HAPO) osatzeko prozesuari hasiera emango dion puntuaz arituko dira udal ordezkariak biharko ezohiko udalbatzarrean.

Azkoitiko udalbatzak ezohiko udal bilkura egingo du bihar, 17:30 hasita, udaletxeko areto nagusian. Erabaki beharreko sei puntu zerrendatu dituzte biharko, baina garrantzia berezia hartuko dute datorren urterako aurrekontuek eta Azkoitiko Hirigintza Antolamenduko Plan Orokorraren (HAPO) prozesuari ekiteko puntuak.

Eguneko aurreneko puntuan, herriko HAPOa egiteko prozesuari ekitea ala ez eztabaidatuko dute udaletxean ordezkaritza duten lau udal taldeek. Aldiz, laugarren puntuan arituko dira 2025eko kontuez. Hain justu, Udal Gobernuak aurrera aterako ditu 2025eko udal aurrekontuak; izan ere, EH Bilduk abstentziora joko duela iragarri zuen duela egun batzuk.

Beste lau puntu ere aztertuko dituzte bihar. Hona hemen eguneko gai zerrenda:

  1. Azkoitiko Hirigintza Antolamenduko Plan Orokorraren (HAPO) formulazioa onartzea eta herritarrek parte hartzeko programa ezartzea.
  2. Azkoitiko udalerriko kale garbiketa zerbitzuaren esleipen proposamenaren onespena eta esleitu aurretik dokumentazioaren errekerimendua egitea.
  3. Azkoitiko udalerrian etxez etxeko laguntza zerbitzua ematea xede duen kontratuaren 1. luzapenaren onespena.
  4. 2025 ekitaldirako Azkoitiko Udala, Zubiaurre-Elkargune Institutua, Azkoitia Lantzen, S.A.-ren aurrekontuak eta Aurrekontu Kontsolidatuaren hasierako onespena.
  5. 2025 ekitaldirako Azkoitiko Udaleko langileen Pertsonalaren eta Lanpostu Zerrendaren hasierako onespena.
  6. 2023-2025 Azkoitiko udaleko diru laguntzen Plan Estrategikoa 2025eko aurrekontura egokitzea.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide