EAJren Udal Gobernuak eta EH Bilduk 2025. urteko udal aurrekontuak aurrera ateratzeko akordioa erdietsi dute. Udalak ohar bidez jakinarazi duenez, EH Bilduk abstentziora joko du abenduaren 19an, ostegunez, udaletxeko bilkura areto nagusian egingo duten ezohiko osoko bilkuran.
Udal Gobernuak azaldu du oraindik ez dituela negoziazioak amaitutzat eman, baina, nolanahi ere, "ziurtzat" jo du herriak 2025erako aurrekontu berriak izango dituela, koalizio abertzalearen abstentzioa negoziatu ostean. Hala, Ana Azkoitia herriko alkateak azaldu du "oso albiste ona" dela bi aldeek akordioa lortu izana; izan ere, datorren urteko kontuak "salbu" daudela nabarmendu du hark. "Zerbitzuak mantentzea nahiz hobetzea eta hainbat inbertsio gauzatzea ahalbidetuko dute aurrekontuek".
Udalak emandako datuaren arabera, 18.360.000 eurokoa izango da, "okerrik ezean", datorren urteko udal aurrekontua. Alkatearen arabera, Udal Gobernuak eta EH Bilduk hitzartutako akordioak "funtsezko hiru alderdi" indartzen ditu. Batetik, pertsonen buru osasuna zaintzeko eta ongizate emozionala, psikologikoa zein soziala sustatzeko esku hartze soziala; bestetik, energia trantsizioan aurrerapausoa ematea; eta azkenik, azpiegitura sarea sendotzea, irisgarritasunaren mesedetan edota elkarbizitza nahiz hezkuntza gune berriak sustatuz.
Alkateak adierazi du negoziatzerakoan Udal Gobernuak "modu arduratsuan" jokatu duela. "Ematekoak gara, baina malgutasuna ere eskatzen dugu. Zenbakiak biribildu egin behar dira, ez du-eta balio proposamenak gehitzea ezer kendu gabe, eta jartze eta kentze horretan, denok eman behar dugu amore, neurri batera arte. Jarrera hori gabe, alferrik da negoziatzera esertzea". Hori esanda, Azkoitiak adierazi du koalizio abertzaleak aurrekontuak ez oztopatzeko erakutsi duen jarrera "zentzuzkoa" dela, "kontrakoa egitea herritarren kaltetan" egitea litzatekeela iritzita.
Bi konpromiso nagusi
EH Bilduk, bestalde, azken asteetan EAJ eta Azkoitia Bai alderdiekin izandako harremanen eta negoziaketen ondoren erabaki du abstentziora jotzea. Koalizio abertzaleak azaldu duenez, "gutxieneko akordioa" itxi dute; izan ere, EH Bilduk aurkeztutako hainbat proiektu eta aldaketa proposamen onartu ditu Udal Gobernuak. Hala eta guztiz ere, argi utzi du udalak onartuko dituen aurrekontuak ez direla koalizioak herrirako proposatuko lituzkeenak.
Bereziki, "bi konpromiso" azpimarratu ditu koalizio abertzaleak. Batetik, errebaletik Ugarteigarango estali gabeko igerilekuetara doan espaloia egokitzea adostu dute. "2025ean inguruaren azterketa eta proiektua egitea adostu dugu, eta hurrengo urteari begira, bide horren erreforma egitea espero dugu", azaldu dute. Bestetik, berriz, herrian estalitako bigarren parke bat jartzea hitzartu dute. "Estalitako bigarren parke bat egitea onartu digute, lekua zehazteke". EH Bilduk adierazi du parke hori Altzibar auzunean jartzea proposatu duela, baina kokapena erabaki aurretik, aurrena "herritarren beharrak aztertu" behar direla.
Gainera, herriko beste hainbat ondasun eta altzari berritzeko edo aldatzeko diru partida bat ere adostu dute EAJk eta EH Bilduk, herritarren aldetik jasotako "kexei erantzuteko" asmoz. Horri lotuta, Berdura Plaza barrutik atontzeko beste diru partida bat zehaztu dute, "jarduera komertziala modernizatzeko eta askotariko erabilera emateko".
Beste konpromiso batzuk
Koalizioak azpimarratu dituen konpromiso nagusi horiez gain, beste sei puntuko akordioa itxi dute Udal Gobernuak eta koalizioak. Hain zuzen, energia trantsiziora bidean, udal eraikinetan energia aurrezteko diru partida bat jartzea; Azkoitiko LGTBIQ+ errealitatearen diagnostikoa egitea eta ekintza plana martxan jartzea, gazteen gizarteratzeko nahiz prebentzio konpainiarentzako diru partidak handituz; Azkoitia tentsio handiko eremu izendatzeko azterketa egitea; herriko elkarteen nahiz eragileen informazio panelak handitzea eta berritzea; Amillubi proiektua diru laguntzea eta herrian landa lurrak erostea, korridore ekologikorako ibilbidearen publikotasuna bermatuz eta pasabidea ziurtatuz; eta azkenik, gazteen buru osasunaren zaintzeko urrats berriak egitea.
Ohar bidez azpimarratu dute aurrekontuak azkoitiar guztientzako "ahalik eta hoberenak izateko ahalegin guztiak" egin dituztela. "Eragiteko dugun gaitasunak emaitza batzuk eman ditu. Gobernatzen ari ez garen arren, EH Bilduk posizio politiko eraginkorra du, eta gure ahalegina egingo dugu azkoitiarren eguneroko bizitza hobetzeko eta herri eredu berri bat aurrera eramateko".
Proposamen horiek onartuta ere, EH Bilduk azaldu du neurri horiek ez direla "nahikoa" beraiek bultzatu nahi duten herri eredura begira, baina herrian dauden behar batzuei "erantzun" egiten diela. "Hori da EH Bilduren helburu nagusia, herritarren bizitzak hobetzea eta herriak aurrera egitea. Prest gaude beste alderdiekin eta eragileekin lanean jarraitzeko, bazterkeriarik gabe beste herri eredu bat eraikitzeko lanean".
Nolanahi ere, koalizio abertzaleak gogorarazi du aurreko urteko aurrekontuetan hartutako "konpromiso asko oraindik egin gabe" daudela. "Ez gara horiekin ahaztu eta aurrekontu berrien negoziazioan mahai gainean egon dira. Udal Gobernuak konpromiso horiek ere betetzeko borondatea azaldu du. Oposizioko lehen indarra gara eta gure zeregina da konpromisoak bete egingo direla ziurtatzea".