Negoziazioak "blokeatuta" jarraitzen duela eta, Merkaleko langileek elkarretaratzea egingo dute ostegunean Eibarren

Julene Frantzesena 2024ko abe. 17a, 08:17

Hainbat langile protestan, Merkal Oinetakoaken Azkoitiko saltokiaren aurrean.

Gipuzkoako Merkal Oinetakoak enpresako beharginek  212 egun daramatzate greban. Eibarko Untzaga plazan egingo dute kontzentrazioa, 12:00etan. Hitzarmen kolektibo duina ari dira eskatzen langileak, baina negoziazioak "ez atzera, ez aurrera" daudela esan du ELA sindikatuak, enpresaren proposamenak "onartezinak" direlako. 

Gipuzkoako Merkal Oinetakoak enpresako langileek greba mugagabean jarraitzen dute –dagoeneko 212 egun daramatzate greban–, eta bizi duten egoera salatzeko eta lan baldintza duinak eskatzeko elkarretaratzea egingo dute ostegunean, Eibarko Untzaga plazan, 12:00etan. Izan ere, langileen ordezkarien arabera, "blokeatuta" daude enpresarekin hasitako negoziazioak.

Hitzarmen kolektibo duin bat ari dira eskatzen beharginak. Haien aldarrikapen nagusienetarikoa antzinatasun plusa ezartzea da; izan ere, haien hitzetan, plus hori konpentsazio ekonomikoa ez ezik, ibilbide profesionala, ahalegina eta esperientzia aitortzea ere bada. Dena den, ELA sindikatuak jakinarazi duenez, enpresak orain arte ez du eskaera hori aintzat hartu nahi izan.

Halaber, atsedenerako eskubidea bermatzeko, ordutegian legezko gutxienekoak jasotzea ere eskatu dute langileek, "orain arte urratu egin dutelako" eskubide hori. Era berean, lanaldia murrizteko ere eskatu dute, baina enpresaren aldetik eskaera horri buruzko aurrerapenik ere ez dagoela esan dute.

2024aren hasieran abiatutako negoziazio kolektiboak "ez aurrera, ez atzera" jarraitzen duela salatu du ELA sindikatuak, enpresak egiten dituen proposamenak "onartezinak" direlako.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide